Urolakoak denboraldia hasteko prest daude, Argixaoko zelai berrira begira
Argixaoko zelaia lautan zatituta, lau zelai sortuta, egin izan dituzte urtetan entrenamenduak Urola futbol elkarteko talde ezberdinek. Aspaldiko eskaera da goiko zelaiaren konponketa. Orain, eskariari erantzuna eman diote elkarteko zuzendaritzak
Argixaoko zelaia lautan zatituta, lau zelai sortuta, egin izan dituzte urtetan entrenamenduak Urola futbol elkarteko talde ezberdinek. Aspaldiko eskaera da goiko zelaiaren konponketa. Orain, eskariari erantzuna eman diote elkarteko zuzendaritzak eta Zumarragako Udalak egindako elkarlanari esker. 459.000 euroko aurrekontuarekin Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zumarragako Udalak eta oraindik iristeko dagoen Futbol Federazioaren ekarpen ekonomikoek urrian zelai berritua erabilgarri bihurtuko dute. Mikel Serrano alkateak datorren hilabeteko erdiaren eta hondarraren artean lanak amaituko direla aurreikusi du.
Orain, Urolakoak eta udala goiko zelaiak izango dituen aldagelen diseinuan lanean ari dira. Zelaia entrenamenduetarako erabiliko dute batik bat. Jon Alustiza Urolako lehendakariak eman du azalpena: «Kantina beheko zelaian dago eta ahal den guztietan partidak behean jokatuko dira. Txanda sistema bat ezarriko dugu eta talde guztiak entrenatuko dira zelai berrian».
Bi zelaien arteko pasabidea konponduko dute. Zelai berriaren zorua lisatuta dago jada eta datorren astean asfaltoz estaliko dute, ondoren belar artifiziala jarri ahal izateko. Honezkero, urak jasotzeko sistema ipinita dago. Serranok aurreratu duenez, Argixao zelai zaharretik berrira doan errepidean industrialdera doan zidorra konponduko dute, partida egunetan ibilgailuek Zumarragako industrialdean aparkatzeko aukera izan dezaten. Atletismo taldeko kideekin ere egon da alkatea eta Argixaoko bigarren zelaiak hartuko dituen korrika egiteko eraztunez gain, bestelako atletismo diziplinei tokia egiteko soilgune bat prestatuko dute.
Neskak futbolean
Urolako zuzendaritzako kideek azpimarra egin diote zelai berriak entrenamenduei egingo dien mesedeari. «400 bat haur eta gazte ditugu. Gero eta instalakuntza egokiagoak, orduan eta hobetzeko aukera gehiago izango dute».
Kirol arloari dagokionez, denboraldi berrian hainbat erronka dituzte. Aipatu duten lehena nesken parte hartzeari bultzada ematea da. Maila guztietan neska taldeak osatzeko arazoak dituzte eta Ilintxakoekin elkarlana bultzatuta, Ilur izenarekin jokatzeko ari dira Goierri garaiko neskak hainbat mailatan. «Neskak animatu nahi ditugu Urolara etorri eta futbolean jokatu dezaten», diote aho batez zuzendaritzako Valentin Tenak eta Jon Alustizak.
Gainontzean, senior mailan ari den taldeari mailari eusteko erronka jarri diote, igotzea ez baita erraza izango arerio indartsuekin lehiatu beharko direlako. Haurretan, kimuetan eta jubeniletan Ohorezko Mailan dauden taldeek maila gorenean geratzeko ahalegina egingo dute. Alustizaren hitzetan, «edonola ere, denboraldi guztietan gure onena ematen saiatzen gara. Talde handiagoek Urola bezalako taldeengana jotzen dute jokalari bila eta onenak eraman. Aurten Realean eta Eibarren gure harrobitik irtendako bost jokalari arituko dira».













