Ainhoa Franco: «Pentsatu ohi dugu musika klasikoa soilik adituentzat dela»
Antioko Musikaldiaren biharko kontzertuan kantatuko du Francok (Urretxu, 1978) Juan Carlos Martin gitarra jotzailearekin eta Iker Nausia oboe jotzaileekin batera, ermitan, 19:30ean. Haurra zinela Urretxu utzi eta Donostiara joan zinen.
Antioko Musikaldiaren biharko kontzertuan kantatuko du Francok (Urretxu, 1978) Juan Carlos Martin gitarra jotzailearekin eta Iker Nausia oboe jotzaileekin batera, ermitan, 19:30ean.
Haurra zinela Urretxu utzi eta Donostiara joan zinen. Ahotsaren unibertsora ez zinen zuzenean iritsi, ezta?
Gurasoak Donostiara joan ziren bizitzera eta nik biolin ikasketak jarraitu nituen han, biolin karrera amaitzeko kantua ikasi behar nuen derrigor eta kantugintzak hasieratik harrapatu ninduen. Biolin karrera amaitu nuenean koruarekin jarraitu nuen. Gurasoek Donostiako Orfeoian hasteko gomendioa egin zidaten eta, ordutik, biolina jotzen baino kantuan aritzen naiz gehiago. Haur baten zaletasun gisa hasi zena ogibide bilakatu da urteen poderioz.
Musikaren esparruan inoiz amaitzen al dira ikasketak?
Ez, beti jarraitu behar duzu ikasten. Ikastaro ugari egiten ditugu urtean zehar, etengabean prestatzen jarraitu behar dugu.
Ahots korden zein lekutatik aritzen dira sopranoak?
Andrazkoen ahotsak soprano, mezosoprano eta kontraltuetan banatzen dira. Sopranoenak dira ahotsik altuenak eta kontraltuenak dira baxuenak. Sopranoak, bestalde, lirikoak, dramatikoak, arinak eta abar izan daitezke.
Ni soprano lirikoa naiz. Ez dut ahotsa horrenbeste igotzen, gurea ahots zentralagoa da, potoloagoa, handiagoa, bolumen gehiago duena eta beste sopranoek baino pixka bat gehiago egiten dugu behera.
Egun, soprano batek kantagintza bizimodu bihurtu al dezake?
Musika ogibide bihurtu dut, hala ere, kontzertuekin soilik ez dut aski. Gerta liteke bolada batean sei emanaldi egitea segidan eta ondoren lehorte garai bat iristea. Kontzertuez gain klaseak ematen ditut; biolin eta kantu eskolak.
Urretxuarra zarenez gero ezagutuko duzu Antioko ermita, baina inoiz kantatu al duzu han?
Entzule gisa egon naiz eta ezkontzaren batean abestu dut, baina ez dut orain artean baselizan emanaldirik eskaini.
Dena dela, Antioko Musikaldian parte hartu zenuen orain bi urte.
Bai, Igartubeitin kantatu nuen. Bestelako hirukotea aurkeztu genuen; orduan, ahotsari txeloarekin eta biolinarekin lagundu genion.
Berezia al da ermitan kantatzea?
Oso berezia musikaldiak maila handia duelako eta urretxuarra izanagatik ere bai, kasik nire herria baita.
Zure ahotsak biharkoan gitarra eta oboea izango ditu lagun. Nolatan batuketa hori?
Juan Carlos Martin gitarra jotzailea, Iker Nausia oboe jotzailea eta hirurok oso lagunak gara. Adiskidetasun horrek bultzatuta elkarrekin zerbait prestatzea otu zitzaigun. Ez da, aitzitik, batere erraza ahotsa eta bi musika tresna horiek uztartuko dituen programa aurkitzea. Bila hasi ginen eta entseguei ekin genien. Nik ez dut inoiz halako batuketarik ikusi eta publikoari gustatuko zaiolakoan nago.
Nolako programa eskainiko duzue bihar Antion?
Guri gustatzen zaizkigun piezak aukeratu ditugu. Lehenengo zatian azken orduko aldaketa bat egin dugu programan; Espainiako kantu tradizionalak eta alaiak egingo ditugu, gitarrari oso ondo egokitzen zaizkionak. Ondoren, Sorozabalen euskal abestiak ekarriko ditugu. Bigarren zatian musika klasikoa publikoari hurbiltzen saiatuko gara. Aukeratu ditugun ariak [opera] ez dira oso ohikoak zinez zailak direlako, baina guk erronkari heldu genion eta pozik gaude emaitzarekin.
Musika klasikoa urrun sentitzeko joera al dago?
Bai, soilik adituentzat dela pentsatu ohi dugu, baina nire ustez ez dago musika klasikoa entzuteko ohiturarik. Musika klasikoan ere entzuteko musika errazagoak eta zailagoak daude.