Berrikuntza lanen ondotik gaurtik aurrera martxan izango da berriz elkartea. Bihar sardina jatea eskainiko dute Arana Bideluzeko festetan.
Beasaingo Aizkorri mendi elkarteak irteera antolatu Pirinioetara.
Beasaingo
Aizkorri mendizale elkarteak irailean, huts egin ezinezko bi mendi irteera izaten ditu: lehenengo asteburuan Usurbera igoera, Beasainmendiko festak direlako; eta iraileko hirugarren igandean, Besaidera, urtean hildako mendizaleen omenaldira.
Datorren igandean, hilak 20, egingo dute irteera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mugatzen dituen Besaideko monolitora. Euskal Mendizale Federazioak eta
Arrasateko Besaide elkarteak antolatzen dute omenaldia eta azken urtean hildako mendizaleak oroitzeko eguna izaten da. 1955. urteaz geroztik errepikatzen den topagunea da. Irteera horretan parte hartu nahi dutenek elkartean bihar eman beharko dute izena, 20:00etan.
Bihar iluntzean, gainera, Arana-Bideluzeko festen barruan, sardina jana eskainiko dute.
Pirinioak eta Alex Txikon
Udazken hasiera indartsua dute Aizkorri Mendizale Elkarteko kideek: datorren asteburuan, 26an eta 27an, Pirinioetara irteera antolatu dute. Sansanet-Lizara-Aisa harana-Juan Ramon borda ibilbidea egingo dute. Mendi ibilaldi horretan parte hartu nahi dutenek, astelehena, hilak 21, baino lehen eman behar dute izena, 657 793 041 telefono zenbakira deituta edo
aizkorrimendi@gmail.com posta elektronikora idatzita. Herriko ikastetxeetako ikasleei ere luzatu diete gonbitea.
Bestetik, Aizkorri elkartetik aurreratu dutenez, datorren urriaren 2an,
Alex Txikon mendizalearen diapositiba emanaldi-solasaldia egongo da, Igartzako jauregian.
Elkartea eraberrituta
Elkarteko zoruan, sabaian eta elektrizitate arloko hainbat konponketa egin ondoren, gaurtik aurrera bazkideentzat prest dago berriz ere elkartea.