Aitor Sarriegi: "Inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean"
1995az geroztik, Gipuzkoako eta Euskal Herriko bertsolari txapelketa guztietan parte hartu du Aitor Sarriegik (Beasain, 1976), baina duela urtebete erabaki zuen aurtengo Gipuzkoako txapelketan ez parte hartzea. Beasaindarrak aitortu duenez, “arraroa” egiten zaio txapelketa martxan izan eta bera hor ez egotea. Urtebeteko epea du orain Euskal Herrikoan parte hartuko duen ala ez erabakitzeko.
Zergatik egin diozu uko Gipuzkoako txapelketari?
Erabakia ez zen erraza izan, batik bat beti gustatu izan zaidalako aukera daukana txapelketara aurkeztea. Hori defendatu izan dut nik. Baina egia da nekatuta nengoela; eten bat behar nuen. Hogei urte dira txapelketan lehenengo aldiz kantatu nuenetik, eta ordutik hamar txapelketatan kantatu dut: bost Gipuzkoakotan eta bost Euskal Herrikotan.
Horrek esan nahi du bi urtetik behin txapelketa bat jokatu duzula.
Bai, eta desgaste handia sortzen du horrek. Azkenekoetan bukaeraraino iristeko zortea izan dut, eta horrek aukera ematen du txapelketan geroago hasteko. Baina aurrekoetan hasieratik hasten nintzen, eta asko nekatzen du horrek. Duda handiarekin, baina aurtengorako ez dut izenik eman. Martxan jarri denean konturatu naiz hala behar zuela. Seguruenera gero inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean. Atsedena behar dut. Adin klabera iristen ari naiz.
Zein da adin klabea? 40koa?
Bai. Gehientsuenek adin horren bueltan zirt edo zart egiten dute. Jendeari ez zaio iruditzen, baina, atzera begiratuz gero, Sebastian Lizasok 40 urteren bueltan utzi zion txapelketari. [Unai] Iturriagak orain dela bi urte kantatu zuen azkenekoz Euskal Herrikoan; nik orain berak zeukan adina daukat. [Andoni] Egaña ariko zen luzeen, Euskal Herriko txapelduna zelako. Gipuzkoakoan, Aitor Mendiluzek azkena 2007an kantatu zuen, Maialen Lujanbiok 2003an…
“Urtebete daukat Euskal Herrikora joango naizen pentsatzeko; joaten banaiz, azkenekoa izango da”Txapelketa zalea izan zarela esan duzu. Txapelketetan emaitza onak lortu izan dituzu. Bai, zapore gozoarekin geratzeko zortea daukat. Parte hartu dudan txapelketetan, taldekoetan ez, baina Gipuzkoakoan eta Euskal Herrikoan, beti finalerdietara iritsi naiz. Azkeneko lautan finalera ere bai. Txapelketa gustatzen zait. Txapelketan, plazan ez bezala, zeure burua estutzen duzu. Jendeak ere desberdin entzuten du txapelketako saioa. Txapelketan jendea prest egoten da minutu eta erdian isilik egoteko bertsolariak hiru bertso pentsatzen dituen bitartean. Beste ahalegin bat egiteko aukera daukazu, jendeak aukera ematen dizulako. Plaza batean inork ez dizu itxoiten minutu eta erdi hiru bertso botatzeko. Makineriaren erreboluzioa topean jartzeko toki bat da txapelketa, eta niri gustatzen zait. Ona da zure mugekin topo egiten duzulako. Zer eman dizu txapelketak? Gauza asko: bestela kantatuko ez nuen toki askotan kantatzeko aukera, jende asko ezagutzeko aukera, momentu eta toki nahiko pribilegiatuetan egoteko zortea… Entzuleak ere erakartzen ditu txapelketak. Lehenengo kanporaketan, Beasainen, Usurbe antzokia txiki geratu zen. Berez, bertso saio arrunt bat errazagoa da kontsumitzeko, baina lehiak jendea erakartzen du. Adibidez, udazkenean Beasainen urteroko bertso saioak harrera ona izaten du, baina harrera ona esaten dugunean, antzokiaren beheko aldea bete samartuta egotea esan nahi du, 100-200 lagun elkartzea. Ez da harrera txarra beste herrietan ikusten denarekin konparatuta. Txapelketan, antzokia beteta eta jendea sarrerarik gabe geratu zen, final-zortziren batean eta jendearentzat hain ezagunak ez ziren bertsolariekin. Lehiak garrantzia du, garbi dago. Bertsolari gazteentzat erakusleiho ona izaten da txapelketa. Bai, txapelketa guztietan ikusten da badatorrela labealdi berria. Udaberriko saiotik pasatutakoak dira orain dabiltzanak, eta jende gehiago gelditu da kanpoan. Gustatuko litzaidake berri horietako batek kalitateko salto bat edo sorpresa bat ematea. 2011n Gipuzkoako txapelketan parte hartu zuten gazte horietatik inor ez zen finalaurrekoetara pasatu, eta inor ez zen sailkatu Euskal Herrikora. Gipuzkoarrik gazteenak 24-25 urte zeuzkan; lehenengo loraldikorik ez zegoen. Aurten gustatuko litzaidake horrelako zerbait ikustea, bestela, inbutu sentsazioa sortuko litzateke. 25-40 urtera arteko jende asko dago, eta ez dute langa hori pasatzen. Aurpegi berriak ikusi behar dira. Belaunaldi berriak badatoz: bertso eskolek egiten duten lan onaren adierazgarri da hori. Bai, baina bertsolariak bakarrik ez dira sortu bertso eskolatik; bertsozaleak, epaileak, gai-jartzaileak ere sortzen dira. Jende berri asko sartu da aurten, eta hori ere bada, hein batean, bertso eskolen ondorio.
“Bertso saio batera joateko deiak ilusioa egiten didan bitartean aurrera jarraituko dut bertsotan”Ausartzen zara finalisten pronostikoren bat egiten? [Beñat] Gaztelumendi, Alaia Martin, [Jon] Maia, Agin Rezola, Unai Agirre… hor nonbait ibiliko da. [Jexux Mari] Irazu ere hor dago. Iñaki Apalategi beasaindarrak ea aurrekoa bezalako txapelketa egiteko zortea daukan. [Iban] Urdangarin ea gustura gelditzen den egiten duen lanarekin. Gazteren bat sartzea ere gustatuko litzaidake, batez ere goierritarren bat, Aitor Irastortza, Aratz Igartzabal edo Gemma Urteaga. Ea salto bat egiten duten, bertsotan jarraitzeko ilusioa izan dezaten. Emakumezkoen presentzia ere handia da txapelketan. Bertso saioetan nabaritzen da emakumearen presentzia? Nik uste dut baietz. Mugimendu handia dago gaur egun gai horretan, eta uste dut hausnarketa askotan gizarteko beste arlo askoren aurretik doala bertso mundua, tiraka bezala. Emakumezko bertsolariak oskoletik atera ezinda bezala sentitu dira, paper jakin bat bete beharrean. Gero eta kontzienteagoak gara gizonezkoak ere emakumezkoen rol horretan; lanketa handia ari da egiten. Bertsolaritza osasuntsu dago? Osasuntsu dago, bai, baina txapelketako saioetako jende kopurua ez da termometro egokia. Bertsolaritzaren osasuna neurtzen du herrietan antolatzen diren saioetako ikusle kopuruak, bertso inguruko bestelako emankizunek zenbat jende mugitzen duten, ikastetxeetan zenbat jenderengana ari den iristen bertsolaritza… Euskal Herriko txapelketara aurkeztu ala ez pentsatu al duzu? Urtebete daukat pentsatzeko, baina momentu honetan ez daukat pentsatzeko gogorik. Ez naiz ausartzen esatera joango naizen ala ez, baina iruditzen zait joango naizela. Hori bai, joaten baldin banaiz, azkenekoa izango da. Orain bezala, nekatuta eta itota harrapatzen banau, ez naiz joango; gogo edo ilusio gehiagorekin harrapatzen banau, bai. Egia esanda, azkeneko oroitzapena polita daukat, eta hori ez da txarra. Saio baterako deitzen dizutenean ilusioz hartzen al duzu deia? Ilusio handia egiten du, bai. Beti esaten da toki batetik lehenengo aldiz deitzen dizutenean ilusioa egiten duela. Baina bigarren aldiz deitzen dizutenean? Dei bat jaso eta ilusioa egiten didan bitartean bertsotan aurrera jarraituko dut. Zenbat saio egiten dituzu urtean? Azkeneko urteetan 60-80 artean nabil. Gustura nabil, baina askotan astelehenean nekatuta iristen naiz lanera.