Atez atekoa, edukiontzira
Udal hauteskundeetan alderdi guztien programako gai zentrala izan zen hondakinen bilketa. Atez atekoa ezarria duten eta gobernu aldaketa izan den herrietan mahai gainean dute auzia: gehienek galdeketa egingo dute. Goierrin, Lazkao, Legazpi eta Ordizia daude tartean, Eider Goenagak Gipuzkoako Hitzan jaso duenez.
Gipuzkoan atez ateko sistema duten hainbat herritan gai erabakigarria izan zen hondakinen bilketarena; eta EAJk eta PSE-EEk EH Bilduri irabazitako herrietan udal gobernuek mahai gainean duten lehendabiziko gai potoloa da bilketa sistemarena. Batzuek hartu dute atez atekoa kentzeko erabakia jada, beste batzuek galdeketa prestatzeari ekin diote, eta badira oraindik erabakitzeko duten herriak ere.
- LAZKAO:Lazkaoko Udalak hartua du erabakia, eta Sasietako Mankomunitateari egina dio eskaera atez atekoa kentzeko. “Oraindik erabakitzeko dago zein izango den sistema, baina aldaketa egin egingo da. Atez atekoa kenduko da, eta bosgarren edukiontzia jarri”, azaldu dio Hitza-ri Sasietako Mankomunitateak. Bosgarren edukiontzia txiparekin izango den, giltzarekin edo irekia izango den erabakitzeko dute oraindik. “Lanketan ari gara”. Mankomunitatea eta udala ari dira sistema bakoitzaren ezaugarriak eta alde on zein txarrak aztertzen. 2015eko lehen zortzi hilabeteetan, Lazkaoko birziklatze tasa %75ekoa izan da, Sasietako Mankomunitatearen arabera.
- LEGAZPI:Atez ateko bilketa sistemak hautsak nabarmen harrotu zituen Legazpin. Mobilizazioak, protestak eta atez atekoaren kontrako plataformak antolatutako herri kontsulta tarteko, Legazpin sistema mistoa ezarri zuten. Herritar bakoitzaren esku dago materia organikoa atez ate atera edo edukiontzi marroira botatzea; errefusa, berriz, soilik atez ate atera daiteke. Sasietako Mankomunitateko datuen arabera, %82koa izan da birziklatze tasa 2015eko lehen zortzi hilabeteetan. Erik Galvez zinegotziaren (EAJ) arabera, errefusa ateratzeko edukiontzi grisak jarriko dituzte orain herrian. “Eta behin hori probatuta, herritarrei galdetuko diegu. Espero dugu urte amaiera bitartean-edo bi sistemak martxan edukitzea, eta ea urtea amaitu aurretik egin dezakegun galdeketa”. Herritarrek erabakitzen dutena errespetatuko dute Legazpin, izan atez atekoa edo izan bosgarren edukiontzia. Baina sistema mistoa kendu egingo dute.
- ORDIZIA:Ordizian EAJk ere mahai gainean du atez ateko bilketa sistemaren etorkizuna. Hala ere, alkatetzak Hitza-ri esandakoaren arabera, oraindik ez dute erabakia publiko egin nahi, eta hurrengo egunetan jakinaraziko dute. Sasietako Mankomunitateak, ordea, Ordizian eta Legazpin galdeketak egingo direla adierazi dio hedabide honi. Bestalde, EAJk udaleko osoko bilkuran zein batzordeetan aipatu du kontsulta antolatzen hasteko asmoa. 2013ko uztailean jarri zuten martxan atez atekoa Ordizian. Sasietako Mankomunitateko datuen arabera, 2015eko urtarriletik abuztura bitarteko birziklatze tasa %73koa izan da.