Banka etikoa, zabaltzen
Beste balio batzuk zabaldu eta gizartean aldaketa eragin dezakeen banku sistema berri bat saretzen ari da, banka etikoa delakoa. Goierrin dagoeneko bi talde ...
Beste balio batzuk zabaldu eta gizartean aldaketa eragin dezakeen banku sistema berri bat saretzen ari da, banka etikoa delakoa. Goierrin dagoeneko bi talde sortu dituzte, eta lege izaera lortuta, pixkanaka zabaltzea dute helburu.
Krisiaren gordinak eta fiantza erakundeek erakutsitako jokabideak, beste banka sistema baten aldeko mugimendua indartu dute azken urteetan. Duela 15 urte, Italian martxan jarritako Banca Popolare Etica- eredu hartuta, Banka Etikoaren ideia herrialdez herrialde zabaltzen ari da, eta Euskal Herrira ez ezik, Goierrira ere iritsi da.
Fiare Banka Etikoa gizartean eraldaketa bultzatu nahi duen finantza erakundea da, egun ezagutzen ditugun bankuekin zer ikusi gutxi duena. Joxe Ramon Apalategi boluntario moduan aritzen da, eskualdeetako taldeen sorrera bultzatu eta koordinazio lanetan. Berak azaldu duenez, «hasieratik bi ardatz nagusi» izan ditu banka etikoaren mugimenduak: «gizarte arloko elkarteak eta bazkide talde aktiboak».
Eskualdeka ehun bat bazkideko taldeak osatu eta batzar bidez funtzionatzen dute, modu «erabat demokratikoan», izan ere, bazkide bakoitzak boto bat du, ordezkaritza hori norberaren ondasunen edo kapitalaren araberakoa izan beharrean. Hala, etekin hutsean eta espekulazioan oinarritutako finantza sistemari aurre egin nahi diote, bide batez, gizartea aldatzeko lan egiten duten elkarteen jarduera finantzatuz.
Goierrin, dagoeneko bi talde sortuta daude. Ordizian dute bulegoetako bat, eta inguruko herrietako elkarteetako kideak eta norbanakoak biltzen dira bertan. Goierri Garaiko taldea berriz, Urretxu-Zumarragan duten lokalean biltzen da. Eskualdeetan eragin nahi dute, multinazionalen aurrean, tokiko ekonomia jasangarria garatuz.
Ohiko bankuetatik urrun
Estatu espainiarrean 2005etik ari da lanean Fiare Banka Etikoa, baina «bankuen izaera juridikorik ez zuenez, agente finantzario moduan» jardun behar izan dute. Aurtengo udan, ordea, Espainiako Banku Zentralak banku izaera onartu dio. Horregatik, orain «trantsizio egoeran, inplantazio fasean» daudela azaldu du Apalategik.
Banku izaera onartu badiote ere, beraien nahia ez da ohiko bankuen antzeko erakunde bat bihurtzea. Azken urteetako tendentzia jarraituz, Internet bidez funtzionatzen dute. «Bilbon eta Bartzelonan zabaldu dira bulegoak, eta ez dut esan nahi gehiago zabalduko ez direnik, baina gure asmoa ez ‘lehiatilako’ bankua bihurtzea. Gero denborak esango du nola garatzen den».