Guillermo Prietok bi txapela jantzita bukatu du denboraldia
Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi ditu, asteburu bakar batean, Guillermo Prieto txirrindulari egokitu olaberritarrak. Txapela bikoitzak, gainera: errepidekoa eta erlojupekoa. Irailaren 19-20an Andoainen eta Zarautzen jokatu ziren txapelketa horiek.
Lehenik, Andoingo Nazioarteko Kriteriumean, sei kilometro erlojuaren aurka aritu ziren. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelak, biak jantzi zituen Prietok.
Biharamunean, Zarautz-Getaria bidean zortzi birako errepideko lehiaketa izan zuten, 70 kilometro osatzeko. Bigarren itzulian erasoa jo, eta bi iheskiderekin lasterketa buruan jarri zen Prieto. Une oro berak egin zuen hirukoteari bidea irekitzeko lana, txandarik jaso gabe. Beste eraso batekin aurkari bat jokoz kanpo utzi zuen lehenengo, eta helmugatik kilometro batera, azkeneko ziztualdian atzera utzi zuen bestea.
2015eko denboraldia bukatu du Prietok. Lehiaketa ofizial ugaritan parte hartzeaz gain, ekainean Quebrantahuesos solidarioa ere burutu zuen, Etiopiako txirrindulari taldeari laguntzeko. Aragoiko zikloturista proba entzutetsua bukatu orduko, atzera bizikletara igo eta bizileku duen Valladoliderainoko bidea osatu zuen, 500 kilometro.