Nazioarteko mendiko monozikletaren lehia bihar
Nazioarteko mendiko monoziklista onenen bilgune bilakatuko da bihar Beasain. Down Hill edo mendixka jaitsiera modalitateko lasterketa izango da Beasaingoa. Gurpil Festaren barruan Orekan Bizi Naiz eta Jazpana Fest-ek antolatu dute.Egunsentian hasiko da...
Egunsentian hasiko da monozikloaren festa. Gustavo Perez galiziarrak Gipuzkoako errepideetan ehun milia, 167 kilometro, egingo ditu: Beasain-Legazpi-Oñati-Deba-Zumaia-Orio-Andazarrate-Larraitz-Beasain ibilbidea osatuko du. Espainiako marka hobetzen saiatuko da galiziarra. Antolatzaileen arabera, 16:00ak eta 17:00ak bitartean iritsiko da Bideluze plazara.
Down Hill txapelketa, berriz, 17:00etan hasiko da. Hamasei monoziklistek hartuko dute parte. Tartean izango dira bi munduko txapeldun: Florian Rabensteiner eta Vera Hofer italiarrak. 2012an munduko txa pel- duna izan zen Jakub Rulf txekiarra ere Beasainen izango da. Hiru euskaldunen parte hartzea ere ziurtatu dute: Andoni Medina arrasatearra (Gipuzkoa), Jo ta Pe iruñearra (Nafarroa) eta Ekhi Congil etxarriarra (Nafarroa).
Antolatzaileek lau bide egokitu dituzte Sagastiguti parkean eta herrigunean. Tartean hamar oztopo jarri dituzte ikuskizuna areagotzeko eta monoziklistei lana zailtzeko. Oreka Bizi Naiz taldeko Aritz Zeberiok aurreratu duenez, 600 metroko ibilbidea osatzeko bi minutu inguru beharko dituzte. Kirolari bakoitzak lau jaitsiera egin beharko ditu. Sari banaketa 20:00etan da.
Mendiko monozikloaren ikuskizunarekin beasaindarren eta goierritarren arreta erakarri nahi du Orekan Bizi Naiz kirol elkarteak, 2016ko uztailaren 27tik abuztuaren 7ra bitartean Donostian antolatuko duten munduko monoziklo txapelketarako giroa sortzen joateko.