Kultura familian
Donostialdean bi urtean «arrakasta handiz» egin den Hip-Hip Ürri! egitasmoa Goierrira zabalduko da aurten. Urriko asteburuetarako antolatu diren kultur jarduerak familia giroan bizitzea ...
Donostialdean bi urtean «arrakasta handiz» egin den Hip-Hip Ürri! egitasmoa Goierrira zabalduko da aurten. Urriko asteburuetarako antolatu diren kultur jarduerak familia giroan bizitzea da helburua. 39 jarduera egingo dira guztira.
Haur eta gazteekin kultura familia giroan partekatzeko hilabetea izango da urria Goierrin, 2013an Donostiara ekarritako Hip-Hip Ürri! egitasmoarekin bat egin baitute Goierri beheko 16 udalerrik. 6 eta 14 urte bitarteko haurren eta haien familien aisialdira eta kultur kontsumora bideratutako egitasmoa da, eta bi baldintza bete behar dira: jarduera guztiak urriko asteburuetan izatea, eta haurrek sarrerarik ordaindu beharrik ez izatea. Goierri behean 29 eragile –kultur elkarte, museo eta udalak batuta– ariko dira antolatzaile lanetan, eta 39 kultur jarduera prestatu dituzte.
Drenthen (Herbereak) 2001. urtean sortu zen October Children’s Month egitasmoa du oinarri Hip-Hip Ürri!-k. Harrezkero, etengabe haziz doan programa bat da, bai herritarren partaidetzari dagokionez –iaz, Herbereetan, 100 erakundek eta 15.000 familiak hartu zuten parte–, eta baita proiektura gehitzen joan diren herrialdeei dagokionez ere. Datu bat: azken urteetan %70 hazi da kultur kontsumoa Herbereetan.
«Goierri eta Donostia Europan bistaratzeko aukera dugu proiektu honekin»
«Familiek elkarrekin kultur jardueretan parte hartzea oso aberasgarria da»
Leire de Miguel, Egitasmoaren sustatzailea
Berlin batu zitzaion proiektuari 2012an, eta 2013an Riga (Letoniako hiriburua 2014ko Europako Kultur Hiriburua izan zen) eta Donostia (2016ko hiriburua). «Donostia gonbidatua izan zen, eta Donostia 2016 bulegoak Ikertzeri eskaini zion lan honen gidaritza. Gu Herbereetara joan ginen proiektua ezagutzera; ondoren, bulegoari aurkeztu genion, eta aurrera egitea erabaki genuen, proiektua Hip-Hip Ürri! modura bataiatuz». Leire de Miguel (Lazkao, 1980) Ikertze kultur elkarteko kidea da 2003tik, eta haren eskutik iritsi da proiektua Goierriko herrietara.
Goierri Europan ikusgai
Ikertzenek bi lan arlo nagusi ditu: kultura partaidetza eta hezkuntzan bizikidetza hobetzea. «Egitasmo hau lehen esparru horretan kokatzen da. Lehen bi urteetan Donostian egitea erabaki genuen, eta ondo funtzionatuz gero, zabaltzen hastea. Herbereetan ere hala egin zuten. Donostiako partaidetza datuak ikusita (2013an: 21 kulturgune, 58 jarduera eta 3.000 partaide; 2014an: 49 kulturgune, 140 jarduera eta 6.000 partaide), Gipuzkoan zehar zabaltzea zen helburua». Goierritarra izanik, Goiekira jo zuen, eta hasiera-hasieratik «babes osoa» jaso zuen. «Zentzu horretan erraza izan da».
2013an lau herrialdeek diru-laguntza bateratua eskatu zioten Europako Batasunari, eta jasotako laguntza hori herrialdeen arteko kultur trukerako erabili behar izan zuten: Euskal Herriko artista bat Herbereetara joan zen, Alemaniako eta Letoniako bana Donostiara… «Egitasmo honek Europa mailako dimentsioa dauka, eta hori ezaugarri garrantzitsu bat da. Goierri eta Donostia proiektu honen barruan egonda, gure lurraldea Europan bistaratzeko aukera baitaukagu. Herrialde guztiek webgune komun bat daukagu, sare sozialak… Europako beste herrialde batzuekin kultur trukean ariko gara, eta hori oso aberasgarria da». Lau herrialde horiei, Lituania, Bosnia, Kroazia eta Norbegia gehitu zaizkie aurten.
Ikastetxeetan, banaketa
Goiekin izandako bileraren ondotik, herriz herri bisitak egin zituen De Miguelek, eta harrera ona jaso du. «Esaterako, Idiazabalgo kultur teknikariak esaten zidan proiektu hau aukera ona zela herriko kultur baliabideak Goierrin ezagutzera emateko, baina baita Donostialdean ere». Proiektu honen alderdi «positiboenetako bat» Donostiako agenda eta Goierrikoa euskarri berean partekatu dela da. «Lehen Hezkuntzako Goierriko 3.500 ikasleri banatu zaie, eta Donostiako 12.000ri. Guztira 15.000 etxeetara iritsi da. Goierriko familiek Donostiako ekitaldien berri jaso dute, baina baita alderantziz ere. Horrek horrela izan behar zuela argi genuen; azken batean, truke hori oso aberasgarria da».
Donostian zein Goierrin antolatu diren jardueren errepasoa egiterakoan, «izaera ezberdinak» sumatu ditu De Miguelek: «Goierrin eskaintzen diren jarduera asko dira mendi bueltak, baserri batera bisita, lanbide zaharrak ezagutzea… Donostian, museoek eskaintzen dituzten ekintzak dira gehienak». www.hiphipurri.org webgunean, 2015 atalean, kontsulta daiteke agenda bateratua.
Donostian bezala, familian egindako kultur aisialdia kontsumitzeko ohitura zabaldu egingo da proiektu honekin Goierrin ere. «Kultura herri baten altxorra da, eta familiek elkarrekin jarduera batean parte hartzea oso aberasgarria da. Txikitatik ohitura hori hartzea bizitza osorako ikaskuntza bat da, eta hori oso garrantzitsua da gizartearen aurrerapenerako, oparotasunerako eta gizarte-ongizaterako». Urriko asteburuak gain-gainean dira.