Koldobike Olabide: «Aizkorri-Aratz parke naturalaren ateetako bat izan nahi dugu»
Koldobike Olabidek (Legazpi, 1962) lehen legealdia du alkate karguan. Herriko hainbat elkartetan lan egin du eta atez atekoaren aurkako plataformako kide izan zen.
Ingurumen gaietan aholkularitza zerbitzua ematen duen enpresa batean lan egiten duzu.
Enpresa ahizpak eta biok sortu genuen. Biok kimikariak gara. Enpresei ematen diegu zerbitzua. Ez dugu udalekin lan egiten.
Zergatik erabaki zenuen alkategai izatea?
Proposatu egin zidaten, baina lehenago ere proposatu zidaten. Beti ezezkoa ematen nuen, ez bainuen nire burua politikan ikusten. Oraingoan, ordea, baiezkoa eman nuen. Zergatik? Zaborraren gaian legazpiar askok gauzak ezin direla horrela egin esan genuelako. Altxatu egin ginen. Legazpik zeraman norabidea ez zela zuzena uste nuen eta alkatetzara aurkeztea erabaki nuen.
Etxekoek zer esan zizuten?
Seme-alabak etxetik kanpo daude: semeak aste osoa Arrasaten ematen du eta alaba AEBn dago. Senarrak ondo pentsatzeko esan zidan, politika mundua ez baita oso erakargarria kanpotik begiratzen duenarentzat. Dena den, bai senarraren eta bai seme-alaben babesa jaso dut. Ezagutzen naute eta badakite dinamikoa naizela. Herriko hainbat elkartetan lan egin dut.
Zer aurkitu duzu udaletxean?
Martxan dagoen tren batean igo naiz. Hasiera oso gogorra izan zen. Funtzionamendua ahalik eta azkarren ulertu behar nuen eta erabakiak hartu behar nituen. Udalen eta enpresen kudeaketa ereduak ezberdinak dira. Gogor lan egin behar izan genuen erakundearen funtzionamendua ezagutzeko.
Lau hilabete igaro dira kargua hartu zenuenetik. Zein da zure balorazioa?
Gustura nago, teknikariek asko lagundu didatelako. Profesionalak dira. Beraien lana oso ondo ezagutzen dute. Gure funtzioa ez da beraiei nola lan egin behar duten esatea, baizik eta beraien lana ahalik eta hobetoen antolatzea herritarrei kalitatezko zerbitzu bat emateko. Egin ditugun aldaketek, hori dute helburu.
Zer da alkatetzak duen gauzarik politena?
Gure bizilagunei lagundu eta beraien bizi kalitatea hobetu ahal izatea. Okerrena, egin behar diren gauza guztiak egiteko nahikoa diru ez edukitzea da. Bizilagun batzuei ezetz esan behar zaie eta hori oso gogorra da.
Nola ikusi duzu oposizioaren jarrera?
Orain arte politika kanpotik ikusi dut eta ez naiz ohitu oraindik joko politikora. Alderdi bakoitzak bere proiektua defendatu behar du eta askotan rol bat betetzen du. Hori errespetatu beharra dugu. Oposiziokoekin elkartzen naizenean, beraien atzean dauden legazpiarrak ikusten ditut eta errespetu handia merezi dute.
Urtea amaitu aurretik zabor bilketa sistemari buruzko galdeketa egin nahi duzue.
Gure asmoa, 2015ean bertan legazpiarrek beraien ustez sistema aproposena dena hautatzea da. Horretarako, galdeketa bat egingo dugu. Data finkorik ez dugu oraindik. Eman beharreko pausoak aztertzen ari gara: baimena eskatu behar da, prozedura osoko bilkuratik pasa behar da eta ondoren alkatetzak deialdia egingo du. Prozedura hori lantzeko lan talde bat osatu dugu. Gipuzkoa mailan galdeketa batzuk egin direnez, horietan oinarrituko gara prozedura zehazteko.
San Juan auzoan trafiko aldaketak egin dituzue eta Juanastegin bidegorria errepidera atera duzue aparkaleku gehiago lortzeko. EH Bilduk eta Irabazik gogor kritikatu dituzte neurri horiek.
Eztabaida, handiagoa izan da alderdien artean kalean baino. 2012an San Juaneko bizilagunek sinadurak aurkeztu zituzten udaletxean, aldaketa eskatuz. Guk eskaera horri erantzuna eman diogu. Juanastegikoa Legazpik duen aparkaleku arazoa konpontzeko egin dugu. Aldaketa sinplea eta merkea da eta lehengora itzultzeko aukera ematen du. Aizkorri kalean Juanastegin jarri dugun bidegorri eredu berbera dugu. Juanastegi aparkatzeko toki aproposa da, anbulatoriotik, gizarte zentrotik, kultur etxetik eta ikastolatik gertu baitago eta igogailua baitu toki horietara jaisteko.
Oposizioak lurrazpiko eta Juanastegiko aparkalekuak ez direla nahikoa erabiltzen esan du.
Aparkalekuak aparkalekuak izan behar dira, ez garajeak. Lurrazpikoa asko erabiltzen da. Hor daude diru sarrerak. Juanastegikoa ere erabiltzen da. Gainera, San Inazio eta Itxaropeneko bizilagunek arazoak zituzten aparkatzeko.
Latxartegin lurrazpiko aparkaleku bat egin nahi duzue.
Legealdiko plana zehazten ari gara. Azarorako prest edukiko dugula uste dut. Hor, gure helburu estrategikoak zehaztuko ditugu. Horietako bat, aparkaleku arazoak konpontzea da.
Zertan da Gerdauren lursailak erabiltzeko egitasmoa?
Aurreko legealdian hitzarmen bat sinatu zen eta hori martxan dago. Sprilurrek Gerdauren pabilioiek ematen dituzten aukerei buruzko azterketa bat egin du Gerdauk hiru hilabete ditu lan hori aztertzeko. Ondoren, Gerdaukoekin elkartuko gara beraien iritzia jakiteko.
Zuen ardura teknikarien lana antolatzea dela esan duzu. Aldaketa gehiago egongo al dira?
Udalaren antolaketa aztertzen ari gara. Legazpiarrek udala gertuko ikustea nahi dugu, beraiena dela sentitzea. Horretarako, efikazia, gardentasuna eta gertutasuna landu behar ditugu.
Nolako Legazpi nahi duzue?
Bizia, dinamikoa, erakargarria eta bere bizilagunei lana, etxebizitzak eta zerbitzu sozialak eskainiko dizkiena. Bizilagunen bizi kalitatea bermatu behar dugu.
Zer egin behar duzue hori guztia lortzeko?
Egitasmo ezberdinak ditugu. Aizkorri-Aratz parkearekin lotutakoa, adibidez. Legazpi gainontzeko tokietatik aparte dagoela esaten dugu askotan eta irudi hori gainditu behar dugu. Aizkorri-Aratz parkea Gipuzkoako parke natural handiena eta Euskal Herriko bigarrena da eta gu hortxe kokatuta gaude. Gure ondarea (nekazaritza, burdina, paisaia…) ezagutzera emateko aukera bikaina da. Legazpi parkearen ateetako bat izatea nahi dugu. Gainera, Inaziotar Bidea Legazpitik pasatzen da. Bestalde, Ardiaren Euskal Kofradia martxan jarri dugu. Horrek Artzain Eguna, lehen sektorea eta Legazpiren posizionamendu estrategikoa sendotzen lagunduko digu.
Zer diozu dagoeneko martxan dauden egitasmoei buruz?
Kale Nagusiko obra espero bezala doa eta Agirre Etxeberriko proiektua urtea amaitu aurretik onartzea espero dugu. Lanak 2016 hasieran jarri nahi ditugu martxan eta 2016an bertan Legazpik musika eskola berria izango duela uste dugu.
Zer edo zer gehiago esan nahi al duzu?
Gardentasuna lantzen ari gara eta webgunean alkatearen agenda publikatu dugu. Bestalde, herritarren arreta zerbitzua integrala izatea nahi dugu. Tokiz aldatuko dugu, hobetzeko. Gure politikaren ardatza pertsonak izango dira.