Mari Romero: «Liburuko kapitulu bakoitza nire senitarteko bati buruzkoa da»
Mari Romerok (Quintana de la Serena, 1958) La casa de la buhardilla liburua aurkeztuko du bihar, 19:00etan, Legazpiko kultur etxean. Domingo Agirre ikastetxeko irakaslea da eta bere lehen liburua du.
Liburua zure familiari buruzkoa da. Zer diozu familiaz?
Aita Extremaduratik Legazpira etorri zen, lan egitera. Ondoren, ezkondu eta ama ekarri zuen. Ama negarrez etorri zen.
Nolatan jaio zinen Extremaduran?
Ordurako gurasoak Altsasun bizi ziren, baina nire amak senitartekoek inguratuta erditu nahi zuen. Ni jaio baino 10 bat egun lehenago joan zen, 13 hilabete bakarrik zituen nire anaiarekin, trenez. 20 egun nituenean itzuli ginen Altsasura. Nire bizitzako lehen hamar urteak bertan eman nituen.
Altsasuko etxea da, hain zuzen ere, liburuaren izenburuan aipatzen dena. Zergatik bizi zineten Altsasun?
Gurasoak apopilo zeuden Legazpin, baina beraien etxebizitza nahi zuten. Legazpin ez zuten aurkitzen eta Altsasura joan ziren. Aita Legazpira etortzen zen egunero lanera, trenez. Hamaika urte eman zituen horrela.
Noiz etorri zineten Legazpira?
68ko maiatzean, Patriziok Urtatzako etxeak egin zituenean. Aita Altsasuko etxera etxe berriko giltzarekin sartu zenean, denok negarrez hasi ginen.
Zergatik da hain garrantzitsua zuretzat Altsasuko etxea?
Senitarteko asko etorri ziren Euskal Herrira eta denak Altsasuko etxetik pasatzen ziren. Ospakizunak ere bertan egiten genituen. Etxe horrekin lotutako oroitzapen asko ditugu. Gainera, nire osaba-izeba eta lehengusu batzuekin bizi ginen bertan eta nire lehengusina ahizpa bezalakoa da niretzat. 2012an gurekin bizi zen izeba hil zen eta pasadizoak gogoratzen hasi ginen. Hala, egunean baten, familiaren historia idatziko nuela esan nien. Izenburuagatik galdetu zidaten eta La casa de la buhardilla izango zela esan nien.
Irakasle-ikasketak egin zenituen.
Nire lanbidea asko gustatzen zait. Lehen urtean Zumaian lan egin nuen, moja eskola batean. Urte horretan bertan EGA titulua atera nuen eta ondoren Domingo Agirre ikastetxean hasi nintzen lanean. 35 bat urte daramatzat bertan.
Euskara ikasi zenuen.
Lagun batek eta biok ikastaro bat egin genuen EUTGn. Nire senarraren osaba bat Eguzkitza baserrian bizi da eta uda batean egunero joan nintzen, eguna pasatzera: belarretara joaten ginen, haurrak zaintzen nituen… Gauean, nire senarra (orduan mutil-laguna) nire bila joaten zen. «Zer moduz pasa duzu eguna?», galdetzen zidan. «Mesedez, Mikel, hitz egidazu gazteleraz», erantzuten nion.
Nolatan gustatzen zaizu idaztea?
Beti gustatu zait idaztea. Nire familiak elikatutako zaletasuna da. Nire aita poesia idazten ikusi dut beti. Bere hiru liburu argitaratu ditugu jada. Gauza guztiei buruz idazten du (biloba baten jaiotza, adibidez), baina bere gai kuttuna herri-mina da. Askotan esan diogu beste gai bati buruz idazteko. Euskal Herriari buruz ere idazten du, baina bere jaioterria berezia da berarentzat. Negar asko egin du nire liburuarekin.
Zu nongoa sentitzen zara?
Legazpiarra. Altsasukoa ere bai, baina batez ere legazpiarra. Udan Extremadurara joaten ginen, baina ni legazpiarra naiz. Aitarentzat, ordea, Quintana baino hoberik ez dago munduan. Normala da, 26 urterekin etorri baitzen.
Asko idazten al duzu?
Umetan egunerokoa idazten nuen. Lehiaketetara ere aurkezten nintzen. Iaz Estatu mailako ipuin lehiaketa bat irabazi nuen ikasleekin. Baina hau da nire lehen liburua. Nire familiaren historia kontatu dut eta kapitulu bakoitza senitarteko bati buruzkoa da: amona, ama, izeba bat, aita… Beste bi nobela idatzi ditut, baina oraindik ez ditut argitaratu. El pintor de sonrisas eta La raya del pantalón.
Zer esan dizute senitartekoek?
Asko gustatu zaie. Asko negar egin dute, baina nire asmoa ez zen hori. Bernardo Atxagak ere irakurri du. Izan ere, nire lehengusina bat Zalduendoko batekin ezkonduta dago eta liburuaz hitz egin zioten. Gustura irakurriko lukeela esan zuen. Handik aste batzuetara bere mezu bat jaso zuen. Oso kritika polita idatzi zuen eta Erlea aldizkariaren zazpigarren alean nire liburuko pasarte bat sartu zuen. Nik itzuliko nuela esan nion eta azkenean liburu osoa itzuli nuen.
Zuk argitaratu al duzu liburua?
Ez. Santiagoko Tandaia argitaletxearekin argitaratu dut. Beraien lehiaketara bidali nuen eta ez nuen irabazi, baina gustuko zutela esan zidaten. Crowdfunding-a eskaini zidaten, baina nahiago izan nuen koedizioa: beraiek 220 ale ordaindu dituzte eta nik 80. Liburutegian maileguan jarri dute eta aurkezpen egunean erosi ahal izango da.
Beste bi liburu prest dituzula esan duzu.
Bata gerra garaiko gizon bati buruzkoa da eta bestea gizon ahul batekin maitemintzen den emakume bati buruzkoa. Hilketa bat ere bada tartean. Txoratzen ari ote naizen pentsatzen hasita nago!