
Musika barrokoaren arloan erreferente bihurtu da Barroko Aire jaialdia; ez ditu alferrik bete aurten 30 urte. Azken edizioetako bide beretik, lau kontzertu egingo dituzte Ordiziako parrokian, eta beste bat Ataungo San Martin elizan. Asteburuan hasita, azaroko lau igandetan izango dira emanaldiak.
Zikloari hasiera emateko, Iruñeko
Pamplona XXI. Kamera Orkestra gonbidatu dute. Musikari profesional talde batek sortutako proiektu berria da. Kezka batetik sortu zen, ganbera musika «era guztietako publikoari, modu fresko eta informalean» gerturatzea. Hala, beraien eskaintza musika klasikoa ohikoa ez den lekuetara eramaten saiatzen dira, publiko zabalago bat hartu nahian. Harizko instrumentuak jotzen dituzten 11 musikarik osatzen dute taldea; denak, Nafarroako musika eskoletan aritzen diren irakasleak dira, eta aldi berean, orkestra eta talde ezberdinetan jotako jendea.
Ordiziako elizan eskainiko duten saioan, Purcell, Manfredini edota Tellemannen obrak joko dituzte. Emanaldia igandean izango da, 18:30ean.
Bikote banaren txanda
Asteburuko saioaren ondoren, bikote banaren txanda izango da datozen asteetan. Hilaren 15ean, Itziar Lujambiok (oboea) eta Francesca Romana di Nicolak (arpa) osatzen duten
L’incontro bikotea ariko da. Hilaren 22an berriz, Josep-Ramó Olivé abeslari baritonoa eta Daniel Espasa klabe jotzailea etorriko dira.
Egun berean, baina 12:00etan, Oscar Candeno organistak joko du, Ataungo San Martin elizan.
Bi talde elkarrekin
XXX. Barroko Aire zikloa isteko berriz, bi talde ariko dira elkarrekin:
Ordiziako Oroith Abesbatza eta Et Incarnatus Orkestra. Miguel Zeberio zuzentzen duen orkestra 1996an sortu zuten dozena bat musikarik, eta harrezkero, garapen eta zabalkunde handia izan du. Barroko Airek bezala, Oroith Abesbatzak ere 30. urtemuga du aurten. Bi taldeen arteko elkarlana aspaldikoa da, eta horren adibidea ikusi ahal izango da Ordizian, hilaren 29an.