Goieki ere berritu dute
Goierri beheko garapen agentziaren zuzendaritza organoak aldatu dituzte, lau urterako. Lazkaok hartu du lehendakaritza, eta Felix Urkola itzuli da kargura. Kontseilua 11 kidek osatu dute2015-2019 agintaldirako, udalez gaindiko Goieki garapen enpresa pu...
Goierri beheko garapen agentziaren zuzendaritza organoak aldatu dituzte, lau urterako. Lazkaok hartu du lehendakaritza, eta Felix Urkola itzuli da kargura. Kontseilua 11 kidek osatu dute
2015-2019 agintaldirako, udalez gaindiko Goieki garapen enpresa publikoak berritu ditu bere aginte organoak. Udalek izendatutako ordezkariek urriaren 23an burutu zuten batzar orokorra, eta Goiekiren administrazio kontseilurako ordezkariak aukeratu zituzten. Agentziaren buruzagitza 11 laguneko talde baten esku geratu da, azaroaren 2an kontseilari karguak hartu eta lehendakaria izendatu ondoren.
Lehendakaritza Lazkaori egokitzen zitzaion —Beasain, Lazkao eta Ordiziaren artean txandatzen dute—, eta Felix Urkola alkatea izendatu dute Goiekiren lehendakari. Kargu horretan aritua da lehen ere, 2003-2007 agintaldian, Lazkaori txanda egokitu zitzaion azken aldian hain justu, bera izan baitzen.
Administrazio Kontseilua berez 11 kidek osatzen dute, nahiz eta oraingoan 12. ordezkaria ere egongo den —Ordiziako alkatea—, boto eskubiderik gabe izan arren.
Alderdi guztiek presentzia
Kontseilari kopurua ere herrika banatuta dago, Goiekiren estatutuetan. Hala, Beasaingo Udalak hiru ordezkari ditu, Ordiziak bi, Lazkaok bat, eta gainontzeko hamabost herrien artean bost ordezkari.
Akordio politikoz, Goierri beheko udaletan ordezkaritza instituzionala lortu duten alderdi guztiak sartu dira administrazio kontseiluan. «Filosofia alderdi guztiek ordezkaritza edukitzea da», azaldu du Goiekiren kudeatzaile Iker Galparsorok.
Beasaini dagokionez, Aitor Aldasoro alkatea (EAJ), Garbiñe Zurutuza (EH Bildu) eta Santi Urdapilleta (PSE) dira ordezkariak. Ordiziatik, boto ahalmena Belen Maizak (EH Bildu) eta Mila Sukiak (Ordizia Orain) dute, eta Jose Migel Santamaria alkatea ere (EAJ) joango da. Lazkaotik, Felix Urkola (EAJ) da kidea.
Beste herriei dagokienez, EAJk Mari Karmen Arruabarrena (Segurako zinegotzia) du; EH Bilduk Zelai Amenabarro (Legorreta) eta Joxan Etxabe (Zaldibia); eta talde independenteetatik Iñaki Etxezarreta (Gabiria) eta Ioritz Imaz (Idiazabal).
Kontseiluko lehendakari Urkola izendatzeaz gain, lehendakariorde Belen Maiza eta idazkari Ioritz Imaz jarri dituzte. Urtean sei-bat batzar egin ohi dira.













