Bi taldeetako jokalariak, atzo. Argazkia: FCB Rugby
Etxean lortzen ez duena, etxetik kanpo bilatzen segitzen du Ampo Ordiziak. Zortzi partida jokatu ditu orain arte; etxeko lauak galdu egin dituzte, kanpoan jokatutako lauak ordea, irabazi. Atzo borobildu zuten estatistika hori, FC Barcelonari bere zelaian irabazita. Lau garaipen horiei, eta denetan lortutako eraso bonusei esker, berriz ere taularen goraldean kokatu da Ordizia; 4. postuan daude orain, 23 punturekin.
Haseratik indarrean hasi ziren Wade Kellyren mutilak, eta 2. minutuan, aurreneko entsegua egin zuen Dani Aizpunek. Etxekoek ordea, erreakzionatu zigor kolpe bat lortu zuten 6. minuturako. Joan Tudelak hautsi zuen oreka; Rustek kolpea gauzatu eta gero, 3 eta 14 aurretik ziren ordiziarrak. 19.ean, Arrasanzek etxekoen entsegua egin zuen (8-14). Segidan etorri zen erantzuna, Iker Kortaren entseguarekin. Atsedenaldira, 8-19 aurretik joan ziren.
Bigarren zatian, etxekoen presio gogorra zela eta defentsa lanean aritu zen Ordizia; hala ere, markagailuan aurretik jartzea lortu zuten etxekoek (22-19). Jokalari bat gutxiagorekin egonagatik –Muller aldi baterako kanporatua izan zen–, atzera zelaian bere tokia hartu eta erasora jo zuen Ordiziak. 55. minutuan, Joan Tudelak beste entsegu bat egin zuen, markagailuari berriz ere buelta emanez. Muller zelaira itzuli eta Bartzelonako Cristian Beteta jokalaria kanporatu eta gero, Ampokoek hartu zuten partidaren kontrola, eta beste bi entsegu egin zituzten, bata Tudelak eta bestea Mikel Aizpuruak, markagailuan azken 22-34ko emaitza jarriaz.