Legorretan ‘auzokonposta’ egiten ikasteko hiru saio antolatu dituzte
Legorretako Udalak auzokonposta edo konposta komunitatean egiteko egitasmoa indartze aldera, ikastaro bat antolatu du. Etxean sortutako gai organikoa gune komunitarioetan landu daitekeela gogoratu dute. Herrigunean bizi, eta norberak etxean konposta egiteko lekurik ez daukanarentzat pentsatuta dago.
Hiru saio emango dituzte, lehenengoa bihar. Taldeko konposta nola egin behar den, zer urrats jarraitu behar diren, eta etxoletan zer dagoen eta nola erabili behar den azalduko dute.
Informazio saioen egunak bihar, azaroak 28 eta abenduak 5 dira, larunbatak hirurak. Egun bakoitzean, hiruna tokitan azalduko dute auzokonposta, denetan 11:00etan hasita: Guadalupe ermitaren ondoan, Intsausti atzeko aparkalekuan eta Zubiaurre parean.
Aldaketak abendutik
Hondakin bilketa zerbitzuan aldaketak egingo dituzte Legorretan, abendutik aurrera. Organikoa astean bi egunetan bakarrik bilduko dute, aurrerantzean. Horren ordez, konposta egiteko etxolak urteko egun guztietan eta eguneko ordu guztietan zabalik daudela eskaini du udalak.
Bilketan aldaketak egiteaz gain, zerga politikan ere hobariak aplikatzen jarraituko du udalak: konposta egiten dutenei —organikoa ontzietan ateratzen ez dutenei—zaborraren tasa %20 merketuko diete. Aurten ere beheratu zaie tasa hori, konpost egileei.