Ataunen aste honetan ospatuko dute 400. urteurrena
Hiribildu titulua eskuratu zueneko laugarren mendeurrena (1615-2015) gogoratzeko, gaurtik ostegunera bitartean egitaraua antolatu dute Ataunen. Erakusketa, ikus-entzunezkoak, hitzaldiak eta gaiari buruzko argitalpen bat prestatu dituzte Ataungo Udalak eta hainbat herritarrek.
Villafranca hiriaren menpe egon zen Ataun XIV. mendearen bukaeratik XVII.aren hasierara. Gaur, hain zuzen, hiri harenganako anexio eta harengandiko desanexio agiriak erakusketan jarri dituzte. Udaletxeko lehenengo solairuan ikus daitezke dokumentu historiko horiek. Bestetik, Santi Iruretagoiena artistak desanexioari buruz artelan bat egin du, eta hori ere kokatu dute.
Ataun 400 urte aldizkaria
Bihar, asteartea, ikuskari kurioso bat erakutsiko dute (19:00etan, Herri Antzokian). Orain dela 30 urte Ataunen bertan egin eta grabatu zuten Pagoa Markes antzerkia oroitu ahalko da. Bideoan hartu zuten orduko hartan, eta bihar zinta horixe jarriko dute, antzokian. Ondoren, Jon Aizpuruak solasaldia egingo du.
Ostegunean, azaroak 26, Inazio Munduate ataundarraren hitzaldia dago. San Gregorioko Elkargunean ariko da, Ataun Villafrancatik desanexionatu zeneko 400. urteurrena hitzaldian. Gaiari buruz ikertzen jardun da Munduate.
Bestetik, udalak lau orrialdeko aldizkaritxo bat argitaratu du (behean, PDF euskarrian), aipamen historikoak eta pasarte nabarmenenak gogorarazteko.