Gabirian atzo ospatu zuten 15. aldiz Errezil Sagarraren Eguna. Hamabi baserritatik bina saskikada sagar eraman zituzten, sariketarako. Sagar urte ona ez da izan, orokorrean. Ekoizpena asko urritu da iaztik, eta harjoa asko izan du frutak. Baina, hala ere, uzta ikusgarria biltzea lortu dute. Kolore horiko sagarra izan da aurten ezaugarri.

Sagar erakusketa./Aimar Maiz
Sariketan, hiru errezil sagar sorta saritu zituzten, denak maila berekoak: Xabier Arratibel (Urkiola baserria), Pedro Iztueta (Katarain) eta Maria Isabel Zumalakarregi (Izar Aundi). Sagar-goxo edo menbrillu lehiaketa, berriz, Landetako Nekane Agirrek irabazi du. 15 dultze aurkeztu zituzten.

Errezil sagarretan eta sagar-goxotan sarituak./Aimar maiz
Azken urteetan ohitura den bezala, Goierri Beheko Ezti Lehiaketa Gabirian egin zen, azoka baliatuz. Idiazabalgo erlezainek eraman dituzte lehen bi sariak: Xabier Aseginolazak lehenengoa, eta Mireia Telleriak bigarrena. Hirugarren saria Jesus Perez segurarrak jaso du. Hamar ezti aurkeztu dituzte.

Xabier Aseginolaza idiazabaldarra, Goierri Beheko Ezti Lehiaketaren irabazlea, alkatearekin./Aimar Maiz
Eguraldi makurra zela eta, bai sariketak, bai erakusketak (sagarrena, Josu Osa txertaketa adituarena…) eta bai azoka (11 postu jarri zituzten gabiriarrek, nekazaritza edo artisautza produktuak saltzeko) Alkainburu pilotalekuaren babesean egin ziren. Zozketan, zenbaki saritua 950 izan da; Naroa Sasieta Murua aguraindar-gabiriarrak eraman du saritan zegoen saskikada sagar eta Baztarrikako gazta bat.

Bittor Oroz Nekazaritza sailburuordea, Salvador Gorostola omendua eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko diputatua./Aimar Maiz
Bestetik, antolakuntzak Salvador Gorostola nekazaritza teknikaria omendu du, duela 19 urte, festa hori antolatzen hasi zirenean, eman zuen laguntzagatik.