EH Bilduko Rafa Larreina hautagaia Ordizian izan da
Espainiako gorteetarako hauteskunde kanpainaren barruan, Rafa Larreinak hitzaldia egin du Ordiziako Alkartetxean. EH Bilduren Gipuzkoako zerrendan bigarren hautagaia da Larreina, Marian Beitialarrangoitia legazpiarraren atzetik.
Lau urteotan Amaiurrek eta EH Bilduk Madrilen egin duen lana garrantzitsua izan dela azpimarratu du. “Lau urteotako azterketa egiten hasi gara eta konturatu gara egin duguna uste baino garrantzitsuagoa dela”. Batetik, “beste hizkuntza bat erabili dugu Madrilgo kongresuan, orain arte existitu ez dena. CIU, Esquerra Republicana eta BNG… gehitu zaizkigu eta Madrilgo kongresuan herri desberdinei buruz normaltasunez hitz egin da. Espainia, Euskal Herria, Katalunia…”.
Horrekin batera, “Amaiurri eta EH Bilduren lanari esker, erabakitze eskubidea egikaritzea gero eta talde gehiagok onartu du. Independentziarako eskubidea aldarrikatu dugu, benetako datuak eta argumentuak ditugulako”, zehaztu du.
Azkenik, gizarte gaietan ere eragin duela gogoratu du Larreinak: ” Lehenengo talde politikoa izan zen Madrilgo kongresuan desberdintasun ekonomikoaren gaia atera zuena. Ezkerreko talde guztiek bat egin dute gurekin desberdintasun ekonomikoaren gaiarekin”.
Datozen lau urteetan, erabakitzeko eskubidea egikaritzea da EH Bilduren lehentasuna. “Subirotasunak erreala izan behar du. Subironatasunaren aldarrikapena ez da bitrinan edukitzekoa, eta bisitan datozenei erakusteko, EAJrekin gertatzen den bezalao. Konfrontazio demokratikoa bilatu nahi dugu”, zehaztu du Larreinak.
Horretarako, EH Bilduri botoa ematea garrantzitsua dela nabarmendu du: “Beharrezkoa da Madrilen indar soberanista bat egotea, anbiguotasunik ez duena, indartsua, estatuarekin konfrontazio demokratikoa bilatuko duena. Gaur egun hori egiteko alderdi politiko bakarra EH Bildu da”.














