Ibai Iradi andoaindarrak eta Javier Labiano iruindarrak 40 eta 15 irabazi diete, gaur, Christof de Elizondo baionarrari eta Gabi Andueza hendaiarrari, Olaberriko II. Eliteko Pala Txapelketan. Gorriak une oro tarte handiarekin izan dira aurretik, hasierako 0-1ekoaren ondoren. Labianok ezker ahaltsua duela erakutsi du, eta Iradik aurrean mozketa eta bi pareta zehatzak egin ditu. Aldiz, bi lapurtarren egunik onena ez da gaurkoa izan.

Labiano eta Iradi txapeldunak (gorriz), eta Elizondo eta Andueza (urdinez), gaur, Olaberrian./Aimar Maiz
Aurretik, Olaberriko mutikoen arteko pala partida bat izan da. Jon eta Xabier Naldaiz anaiek 25 eta 22 irabazi diete Etxezarreta-Garridori. Ondoren, joko-garbiko erakustaldi bat egin dute Zubietako (Usurbil, Gipuzkoa) taldekoek. Bordagarai-Aizpurua 35 eta 22 nagusitu zaizkie Iruretagoiena-Arrillagari.
Iazko estreinakoan bezala, aurten ere goi mailako pala-jokoa ikusi ahal izan da hiru jardunalditan, Olaberriko udal pilotalekuan. “Punta-puntako palariak” aritu dira, eta oro har, partidak parekatuak eta oso lehiatuak izan dira, finalekoa eta finalaurreko bat izan ezik.