Aurtengo deialdira 300 lan baino gehiago aurkeztu dituzte, eta 17 onenak aukeratu ditu epaimahaiak. Publikoak aukeratuko du sariak nori eman, bozketa bidez
Zinemagintza gaztearen erakusleiho izango da, beste behin ere, Beasaingo Usurbe antzokia. Izan ere, dagoeneko klasiko bihurtzeko bidean den Beasaingo Gau Laburra egingo dute bihar, asteartea, Usurbe antzokian. Dagoeneko 15. edizioa du Goieniz zineklubak eta Beasaingo Udalak antolatzen duten film laburren emanaldi honek. Bide batez, Usurbe zinemaren denboraldia ixteko ere balioko du biharko saioak, berau izango baita urteko azken emanaldia.
Iluntzeko 20:00etan hasiko da emanaldia, eta guztira, 17 film labur eskainiko dituzte. Bi zatitan banatuko dute saioa. Aurrenekoan (20:00-22:00), zortzi lan ikusteko aukera izango da; gainontzekoak, bigarren zatirako (22:00etatik aurrera) gordeko dituzte. Sarrerak 4 euroan jarriko dituzte salgai, lehiatilan.
Gau Laburrean eskainiko dituzten filmak, aukeraketa baten ondorio dira. Izan ere, Goienizek egindako deialdiari erantzunez, 300 lan jaso dituzten. Zineklubeko koordinazio taldeak film guztiak ikusi eta onenak aukeratu zituen gero. Lan horien artean, Euskal Herriko, Espainiako eta beste herrialde batzuetako egileak daude. Horietako batzuk, Usurben izango dira gaur, egile guztiak gonbidatu baitituzte proiekziorako.
Publikoak erabakiko du
Aurreko edizioetan bezala, Gau Laburreko lanik onena aukeratuko duen epaimahaia, publikoak berak osatuko du. Lau euro balio duen sarreraren truke, botoa emateko orri bat emango zaie ikusleei, eta behin emanaldia bukatutakoan, zineko sarrera aretoan egongo diren botokutxetan sartu beharko dute papertxoa.
Goienizek bi sari nagusi eta aipamen berezi bat emango ditu, gaurko emanaldian parte hartuko duten lanen artean. Sari horiek, urtarrilean egingo diren zineklub emanaldiekin batera banatuko dituzte.
LABURMETRAIAK:
- 20:00. OK Correo, I said I would never talk about politics, Papa Dans Maman, Mezu bat hozkailuan, Ruleta, Parálisis, 40 aniversario, Algunos hombres siguen sin aclararse.
- 22:00. La señora Jesus Mari, El maquinador, Los pies fríos, Un mañana mejor, Abiadura, Deber, Bideak, Gente de letras, Samina.