'Baserri gaztea' topaketen bigarren saioa astelehenean da, transmisioaz. Lau gazte baserritarrek, Oroz sailburuordeak eta Laborantza Ganberak hitz egingo dute
Zaldibiako Goizane eraikina.
Enba nekazaritza sindikatuak
Baserri gaztea, etorkizuna elikatuz topaketaren bigarren eta azken jardunaldia astelehenean burutuko du, Zaldibiako Goizane eraikinean. 10:00etatik 13:30era luzatuko da topaketa, hainbat hitzaldi, agerraldi eta mahai-inguru bat tarteko direla. Lehenengo saioa abenduaren 14an izan zen, toki berean.
Asteleheneko edukiari dagokionez, baserrietako familien edo ustialekuen barruko transmisioa landuko dute, bereziki. Hainbat testigantza eta esperientzia aurkeztuko dituzte.
Lehenengo, Euskal Herriko Laborantza Ganberako Iker Elosegi mintzatuko da. Ipar Euskal Herrian baserri-ustialekuetan belaunaldien arteko transmisioa ziurtatzeko zer lan egin dituzten azalduko du.
Ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza sailburuorde Bittor Oroz ataundarra ariko da. 2015-2020 eperako landa garapenerako programa oinarri hartuta, baserria gaztetzeko horko ildoen eta neurrien berri emango du.
Lau etxeren esperientzia
Jardunaldiaren azkeneko ordu eta laurden mahai-inguru batekin osatuko dute. Lau baserri edo ustialekuren esperientziak plazaratu eta elkarbanatuko dituzte, partaide guztien artean. Honako testigantzak azalduko dituzte mahaian: Iñaki Zuriarrainek Larrazpi baserriko (Orendain) esperientzia; Lander Garrastazuk Akarregi Txiki upategikoa (Getaria), Eneko Goiburuk Ondarre baserriarena (Segura), eta abenduko saiorako iragarrita egon arren, joaterik izan ez zuen Gorka Iruretak Ibarra baserriarena (Aizarna). Elosegi eta Oroz ere partaide izango dira.
Eguneko jarduna eta Baserri gaztea topaketa bukatzeko, Gipuzkoako Enbaren lehendakari Iñaki Goenagak hitz egingo du.
«Hizlariez aparte, denon iritziak eta testigantzak jaso nahi ditugu, elkar aberastea baita topaketa hauen helburua», dio Enbak. Izena emateko telefonoz (943 65 01 23) edo idatziz (
gipuzkoa@enba.eus) dago aukera.
Enba sindikatuak lantaldea sortuko du, gaiak jorratzeko.