Asteburuko sagardo festa aurkeztu dute
Gaur eguerdian Urola eskubaloi taldeak asteburu honetarako antolatu duen sagardo festa aurkeztu dute. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak, Jon Mendia Urolako presidenteak eta Txomin Dominguez Txomin Parrillako nagusiak parte hartu dute.
Gaur eguerdian Urola eskubaloi taldeak asteburu honetarako antolatu duen sagardo festa aurkeztu dute. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak, Jon Mendia Urolako presidenteak eta Txomin Dominguez Txomin Parrillako nagusiak parte hartu dute.
Ostiralean eta larunbatean Gipuzkoako zortzi sagardotegitako sagardoa eta euskal baserrietako produktuak dastatu ahal izango dira Zumarragako Zelai Arizti pilotalekuan. Lloret de Mar-eko (Herrialde Katalanak) eskubaloi txapelketara joateko erabiliko dute festan aterako duten dirua. Bost talde eta ehun bat lagun joango dira.
Urola eskubaloi taldekoek karpa erraldoi bat jarri dute Zumarragako Zelai Arizti pilotalekuan, festa hau egin ahal izateko. Karparen ateak ostiralean irekiko dituzte, 19:00etan. Larunbatean, 12:00etan irekiko dute.
Gipuzkoako zortzi sagardotegitako sagardoa dastatu ahal izango da: Zeraingo Oiharte eta Otatza, Ataungo Urbitarte, Altzagako Olagi, Astigarragako Petritegi eta Bereziartua, Donostiako Lizeaga eta Aiako Satxota.
Kalitatea zigilua duten produktuekin prestatutako platerak eta errazioak ere dastatu ahal izango dira: oilaskoak, txorixoa, hanburgesak, saltxitxak, solomoa, entsaladak… Sagardo botilak 4 euroan salduko dituzte eta errazioak 10 euroan.
Jan-edanarekin batera, hainbat ekintza prestatu dituzte. Ostiralean (21:00etan) bertso-afaria egingo dute herriko bertsolariekin eta larunbat arratsaldean, berriz, mus txapelketa jokatuko da.
Txapelketa hau Laket tabernaren laguntzarekin antolatu dute. 16:00etan hasiko da, baina parte hartu nahi dutenek, 15:30ean egon beharko dute karpan. Bikote bakoitzak 20 euro jarri beharko ditu, izena ematerako orduan.
Lau sari banatuko dira. Irabazleek bildutako diruaren %50a, txapela eta garaikurra jasoko dute, bigarrenek diruaren %30a eta garaikurra, hirugarrenek diruaren %20a eta laugarrenek hiru sagardo botila.