Lau batzorde finkatu dituzte. Batzorde arteko gunea ere sortu dute. Urtean lau herri batzar egingo dituzte. Batzordeetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak

Batzordeetan parte hartzera deitu ditu herritarrak Zeraingo Udalak.
Aurreko legealdian egindako saiakerari segida eta indarra emanez, Zeraingo Udalak batzorde bidez egingo du udalaren kudeaketa. Herri mailan lan egiteko oinarria batzordeak izango dira. «Baliagarria ikusten da funtzionamendu hori eta guk berriz ere batzordeen bidea planteatu dugu», dio Arantza Ruiz de Larrinaga alkateak.
Lau batzorde finkatu dituzte: Herri bizitza, Tokiko garapena, Azpiegiturak, hirigintza, ingurumena eta zerbitzuak, eta Diruzaintza. Batzordeak irekiak dira eta datozen egunetan eta asteetan egingo dituzte batzordeen lehen bilerak. Udaleko ordezkariak izango dira batzordeen arduradunak eta beraiek eramango dute batzordeek lan egiteko beharrezkoa den informazioa. Gainera, «batzorde bakoitzak aukera izango du aurrekontu parte batekin lan egiteko», zehaztu du Amaia Junquera zinegotziak. Erabakitzeko ahalmena eman nahi diote batzordeei. Adibide bat jarri du: «Lehenengo sektorearekin lotutako diru laguntza bat baldin badator, batzorde horretan landuko da diru horrekin zein proiektu egin». Azpibatzordeak sortzeko aukera izango da hainbat gai zehatz lantzeko. Iraunkorrak edo aldi batekoak izan daitezke.
Bosgarren batzorde bat, Elkarbizitza lantzeko dinamika, sortzeko asmoa bazegoen ere, «udal dinamikatik kanpo» utzi dute.
Batzorde arteko bilerak
Beste berrikuntza bat ere izango da antolamendu berrian: batzorde arteko bilera. Alkatearen esanetan, «lehen batzordeen berri herri batzarrean ematen zen, baina eraginkorrak izateko herri batzarrak nahiko sarri egin beharko lirateke. Orduan, batzorde arteko bilera sortu dugu batzordeetako proposamenak aztertzeko». Lau batzordeetako bina ordezkarik eta udal taldeko kideek osatuko dute, «baina irekia izango da», zehaztu dute. Aurreratu dutenez, «proposamenek adostasuna badute, onartu egingo dituzte bertan, eta udalbatzatik pasa behar badute, zuzenean joango dira plenora onartzeko». Adostasunik ez badago, «lantaldeetara bueltatuko dira proposamenak ekarpenak kontuan hartuta gehiago lantzeko».
Proposamen berriak batzorde arteko bileran adostasuna badu, onartu egingo da. Baina berriz ere «adostasunik ez badago, eta eragin txikiko gauza bada, udal taldeak erabakiko du zer egin. Eragin handiko gauza bada, aurrekontu handia duelako, kezka handia sortzen duelako herritarren artean, herritarrek zuzenean erabakiko dugu herri galdeketaren bidez».
Urtean lau herri batzar egingo dituzte eta bi hilean behin, udaleko osoko bilkura. Zeraindarrak batzordeetan parte hartzera animatu nahi dituzte udaletik, «denon artean gaiak aztertu eta denon artean irtenbideak proposatzeko».