27 goierritarrek osatzen dute taldea. 8.875 sinadura jaso ditu prozesuak. Seguran Angel Oiarbidek eta Iñaki Zarraoak hitzaldia dute gaur
Ekainaren 19ko erabakitzeko eskubidearen inguruko herri galdeketak 8.875 goierritarren babesa jaso ondoren, ehuntze fasetik, adoste fasean sartuko da bihartik aurrera Gure Esku Dago dinamika. Zumarragako Zelai Arizti aretoa aukeratu dute adoste fasearen lehen urratsa egiteko; 11:30ean jarri dute aurkezpenerako hitzordua.
Bi zati izango ditu aurkezpenak. Lehenik eta behin, herri galdeketari bermea eman dioten 8.875 sinaduren balorazioa egingo dute. Gure Esku Dagotik jakinarazi dutenez, hasierako helburua 5.000 goierritarren babesa lortzea zuten herri galdeketa antolatzeko. Aurreikuspen guztiak beteta, ordea, 8.875 goierritarren babesa lortu dute. Goierriko 22 herrietan erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek izan dute sinadura emateko aukera.
Adostasun fasea
Aurkezpenaren bigarren zatian, adostasun fasearen nondik norakoak azaldu eta adostasun fasea gidatuko duen 27 goierritarrek osatutako lantaldea aurkeztuko dute.
Gure Esku Dagotik aurreratu dutenez, «lan talde beraren osaketa ere ez da nolanahikoa izan». Horretarako, Goierriko datu soziologikoak aztertu dituzte, «ondoren, lan taldea bera Goierriko soziologiaren erreferentzia zintzoena izan zedin».
Biztanleen adina, sexua, jatorria eta jardun eremua hartu dituzte kontuan lan taldeko kideak aukeratzeko. Bihar jakingo da, beraz, lan talde horretako goierritarrak zeintzuk diren.
Gure Esku Dagotik jakinarazi dutenaren arabera, «herri galdeketako galdera adostea izango da adostasun faseko lanik potoloena eta horren ardura nagusia». Biharko ekitaldian aurkeztuko dute lan horretarako erabiliko duten metodologia.
Galderaren lan taldeak galdera zehaztu aurretik, dena den, goierritarrek iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera izango dute. Otsailaren 27an, batzar irekia egingo dute.
Apirilaren 9an
Aurreikuspenen arabera, apirilaren 9an aurkeztuko dute ekainaren 19an goierritarrek erantzun ahal izango duten galdera. Horretaz gain, apirila bitartean, galdeketaren beste hainbat zehaztasun ere adoste fasean finkatuko dituzte: besteak beste, hautetsontzi kopurua, kokalekuak, galdeketaren egunerako protokolo zehatzak.