Ordiziako Udalak elkarretaratzea deitu du gaurko, alkatearen kontrako "mehatxuzko pintadak" salatzeko
Asteburuan Ordiziako alkatearen kontra agertu diren “mehatxuzko pintadak” direla eta, Ordiziako Udaleko bozeramaileen batzordeak elkarretaratzea deitu du gaurko. Ordiziako alderdi politiko guztietako alderdiek adostu duten testuaren arabera, “halako ekintzei gaitzespen osoa” agertzen diete, eta “elkartasuna” adierazten diote alkateari eta bere sendiari. Horrelako ekintzek “mehatxu” egiten dutela eta ezin direla “adierazpen askatasunaren baitan ulertu” diote. Gainera, “euskal gizarteak eta ordiziarrak bereziki, eskatzen duen elkarbizitza eta normalizaziorako gutxieneko arauen kontra” doala uste dute.
Horrez gain, udaleko jardun politikoan parte hartu eta “herritarrei eragiten dieten erabakien inguruan ekarpenak” egin nahi dutenei begira, “herritarren partehartzean” hartua duten konpromisoa berretsi egiten dutela azaldu dute.
Asteburuko pintadak gaitzesteko asmoz, herritar guztiei egin diete deia, gaur, 20:00etan, udaletxe parean egingo den elkarretaratzean parte har dezaten.