2016rako 1.526.000 euroko aurrekontua onartu dute Seguran, EH Bilduren botoekin. EAJ abstenitu egin da. Dantza txapelketaren 40. urteurrena berezia izango da
Errebote eraikina botatzeko lanak, atzo.
Otsaileko osoko bilkuran, otsailaren 18an, onartu zuen Segurako 2016ko udal aurrekontu proiektua: 1.526.000 eurokoa. EH Bilduren aldeko botoz onartu zen aurrekontua; EAJ abstenitu egin da.
Eñaut Telleria alkateak jakinarazi duenez, aurtengo proiektu nagusia Errebote eraikina botatzea izango da: «27.000 euro jarri ditugu eraikina botatzeko eta zorua erabilgarri jartzeko».
Atzo eraitsi zuten segurarrek Errebote eraikina bezala ezagutzen zuten etxea, herritarrek galdeketaren bidez erabaki baitzuten eraikin hori botatzea. Orain, bi- garren fasean erabakiko dute eremu horretan zer egin. «Aste Santuaren ondoren bigarren fasea diseinatzekoak gara. Herritarren iritzia jasoko dugu eremu horretan zer egin erabakitzeko».
Obrekin jarraituz, hilerriko lanen lehenengo fasearekin amaitzeko, horma eraikitzeko, 12.000 euro aurreikusi dituzte. Herri eskolan, berriz, bi obra egingo dituzte: «Batetik, iaz hesiaren zati bat berritu zen eta orain bigarren zatia egokituko dugu; eta bestetik, gurasoak haurren zain dauden bitartean egoteko aterpe bat egingo dugu».
Igerilekurako 15.000 euro aurreikusi dituzte. «Ur ihes batzuk zeuden eta ihes horiek bilatzeko igerileku zati bat altxatu behar izan da. Tabernako sukaldea ere txukundu dugu osasun baldintzak betetzeko», zehaztu du Telleriak.
Igerilekuan
Igerilekuarekin lotuta, 21.780 euroko partida jarri dute igerilekuen esleipenarentzat. «Orain arte herritarrei ematen zitzaien igerilekua kudeatzeko aukera, baina iaz inork ez zuen izenik eman. Iaz saiatu ginen enpresaren bati ematen baina ez genuen lortu, ea aurten garaiz ibilita lortzen dugu. Saiatuko gara enpresa horrek herriko jendea kontratatzen, interesik baldin badago».
Dantza txapelketa
Euskal Herriko dantza txapelketarako ere diru partida berezia izendatu du aurten: 20.000 euro. Oraindik egunari forma ematen ari dira, baina Telleriak aurreratu duenez, «aurten 40. urteurrena dela eta zerbait ezberdina egin nahi dugu. Txapelketa pilotalekuan izaten da, eliteko dantza izaten da. Guk dantza egunarekin, dantza herrira ekarri nahi dugu, jendeak dantza egin dezan». Urriaren 15ean izango da.
Parekidetasun arloan 3.000 euro, artxiboa antolatzeko 12.000 euro, etxez etxeko zerbitzuan 46.000 euro eta alkatearen soldata 41.000 (soldata eta gizarte segurantza) dira gainerako zenbakirik aipagarrienak.
Herriko kultur eta kirol elkarteen diru laguntzak mantendu edo igo egin dira. «Abesbatzari adibidez, igo egin diogu laguntza, irailaren 17an Goierriko Kantu Jira jardunaldia antolatuko duelako».
EAJ abstenitu egin da, «ez delako aurrekontu ona»
EAJko Karmele Arruabarrena zinegotziaren esanetan, «ez zaigu aurrekontu ona iruditzen gastuak izugarri igo direlako eta sarrerak ez. Gastu arruntaren igoerak eragiten du mantenimendurako eta inbertsiorik dirurik ez gelditzea». Gastuen atalean, alkatearen soldata eta gizarte segurantza 41.000 eurokoa izatea salatu du EAJk: «Alkateak soldata duin bat edukitzearen aldekoak gara baina Segurarentzat gehiegizkoa iruditzen zaigu 41.000 euroko soldata». Eñaut Telleriaren ustez, «inbertsio bezala hartzen dugu pertsona bat dedikazio osoz egotea».
Errebote eraikina orain botatzearen aurka ere azaldu da EAJ. «Etorkizunean zerbait eraikitzea da asmoa baina etorkizun hurbilean ez da aurreikusten dirurik ez dagoelako. Gure planteamendua zen dena batera egitea. Bestetik, kezka sortzen zaigu eraikina botata estetikoki nola geldituko den».