Laureano Telleriarekin eta Jose Luis Etxeberriarekin Segurako Aste Santuko prozesioen sekretuak ikasten hasi dira Pako Muñoa, Luxio Agirre eta Iñaki Goenaga segurarrak. Gogotsu hasi dira lan berrian.

Iñaki Goenaga, Pako Muñoa, Luxio Agirre eta Laureano Telleria. Jose Luis Etxeberria falta da argazkian.
Segurako Aste Santuko prozesioak 300 urte baino gehiagoko tradizioa du. Datu horrek, urte horietan guztietan prozesioa antolatzeko eta prozesioan parte hartzeko segurarrak prest egon direla esan nahi du, besteak beste.
Azken urteetan Laureano Telleria eta Jose Luis Etxeberria aritu izan dira prozesioaren antolakuntza lanean. «Orain dela 32-33 urte sei lagunek hartu genuen Aste Santuko prozesioen ardura. Seietatik hiru lagun gelditu gara. Aspaldiko urteetan Jose Luisek eta biok daramagu antolaketa, hirugarrena gaixo baitago etxean», argitu du Laureano Telleriak.
Telleriak eta Etxeberriak 80 urte beteak dituzte dagoeneko, eta Aste Santuko prozesioak iraun dezan, belaunaldi aldaketa eskatzen aritu dira azken urteetan. «Urtero aritu gara esaten aldaketa bat behar dugula, guk lagunduko diegula bizi garen bitartean eta guk erakutsiko dizkiegula Aste Santuaren sekretuak».
Aurretik bi aldiz saiatu izan badira ere, aurten lortu dute erreleboa bideratzea, Pako Muñoari, Luxio Agirreri eta Iñaki Goenagari esker. «Jendea laguntzeko prest beti egon da, baina konpromisoak hartzea kosta egiten zaio», dio Telleriak.
Aurtengo antolaketa lanean elkarrekin ari da boskotea; lan isil asko eskatzen baitu prozesioaren antolaketak. «Ez du ematen baina lan isil asko dago prozesioaren atzean. 2.000 piezatik gora mugitu behar izaten dira. Guk erakutsiko dizkiegu sekretu guztiak». Pieza horiei guztiei jarraipena egin behar izaten zaie: «Aste Santua bukatzen denean zer dagoen puskatuta ikusi eta apuntatu, zer dagoen garbitu beharra….».
Osasuntsu
Horrekin batera, prozesioan aterako den jendea ere bilatu behar izaten da. «Prozesioan 300 bat herritar elkartzen gara eta jendea lotu egin behar da», gaineratu du Telleriak. Segurarrak prest izaten dira prozesioan parte hartzeko: «Nahiz eta erlijioa eta eliza jende askok ez sentitu, tradizio bezala ikusten dute segurarrek eta jende askok hartzen du parte», gaineratu du segurarrak.
Telleriarentzat santu eramaleak bilatzea izaten da garrantzitsuena: «Nik beti esaten dut prozesioan borondatearekin gauza gehienak egin daitezkeela baina santuak eramateko borondatea eta indarra behar dira». Irudi batzuekin pertsonako 50 kilo eramaten dituztela zehaztu du. «Baina santu eramaleak bilatzeko ez daukagu orain artekoan aitzakiarik. Lautik hiru eta erdi gazteak dira, elizak irrist egiten diona, baina prozesiora txintxo joaten da. Guretzat poz handia da».
Beste lan garrantzitsu bat ere izaten dute Aste Santuko batzordeko kideek: egitaraua prestatzea eta komunikabideekin harremanak izatea.