Juanjo Igarzabal eta Laida Elizegi izan dira Leharrei mendi lasterketaren irabazleak
Gabirian egin da lasterketa, 167 partaiderekin
Goierritarrak izan dira Gabiriako Leharrei mendi lasterketaren lehen edizioaren irabazleak: Juanjo Igarzabal zumarragar-aztiriarra eta Laida Elizegi zaldibiarra. Amezketako Josu Goñi eta Donostiako Iker Iztueta igo dira podiumera Igarzabalekin batera, eta Arantxa Perez de Arenaza gasteiztara eta Igone Campos zumarragarra Elizegirekin batera. Leharrei mendi lasterketan parte hartzeko izena emanda 200 korrikalari bazeuden ere, azkenean 167k parte hartu dute, eta horietatik 163 iritsi dira helmugara.
Igarzabalek 2 ordu, 4 minutu eta 53 segundu behar izan ditu Gabiria inguruko mendietatik zehar prestatu duten 24 kilometroko ibilbidea egiteko. Pozik geratu da garaipenarekin, bera Zumarragakoa bada ere, ama Gabiriakoa duelako, Aztiria auzokoa, eta haren jaiotetxe ondotik igaro delako lasterka. Bigarren sailkatua 4 minutu eta 16 segundura iritsi da, eta hirugarrena ia 6 minutura.
Laida Elizegik, berriz, 2 ordu, 35 minutu eta 36 segundutan egin du lasterketa.
Leharrei saria ere banatu da lasterketa honetan. Izen bereko aldapa denbora laburrenean egin duenarentzat izan da, eta , Xabier Molina urretxuarrak jaso du, helmuga aurretxoan zegoen aldapa gogor hori 5 minutu eta 34 segunduan igotzeagatik.