Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina egiten ari dira aurten ere Beasain, Ordizia, Lazkao, Segura, Zerain, Altzaga, Arama, Gaintza, Itsasondo, Zaldibia eta Ezkio-Itsasoko udalak.
Datorren astelehenetik ekainaren 25era bitartean, 2015eko errenta aitorpena egiteko garaia da. Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea etzi irekiko da eta ekainaren 6ra arte luzatuko da. Etxean jasotako autolikidazio proposamenak onartzeko epea astelehenean ireki zen eta ekainaren 25ean bukatuko da.
Errenta aitorpenaren harira, Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko udalek, eta Uema osatzen duten Goierriko zortzi udalek (Altzaga, Arama, Ezkio-Itsaso, Gaintza, Itsasondo, Segura, Zaldibia eta Zerain) errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina egiten ari dira aurten ere, euskaraz egiten diren aitorpenen kopurua hazteko helburuarekin.
Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko kasuan, esku-orriak banatu dituzte etxez etxe eta herriko toki jakin batzuetan. Horrekin batera, Euskara zerbitzuko kideak errenta aitorpena egiten duen aholkularitza zerbitzuekin harremanetan jarri dira kanpainarekin bat egiteko eskatuz: «Euskarak Goierrin aurrera egin dezan nahi badugu behintzat, garrantzitsua da zergadun euskaldunak aitorpena euskaraz egiteko urratsak egitea; hau da, gutako bakoitzak hizkuntza hautatzeko dugun aukeraz baliatzea. Euskaldunok euskaraz egiten ez badugu, zeinek egingo du ba!».
Poliki-poliki errenta aitorpena ere euskaraz egiten dutenen kopurua hazten ari da. Beasainen 2014ko errenta aitorpena egiteko %15,60ek aukeratu zuten euskara, 2013an %14,44ek; Ordizian 2014an %17,10ek eta 2013an %16,73ek; eta Lazkaon azkenik, 2014koa %25,61ek egin zuten euskaraz eta 2013koa %23,79k.
Segurako Udalaren ustez, garrantzitsua da errenta aitorpena euskaraz egitea, «osotasunean euskaraz bizitzeko, eremu guztietara zabaldu behar dugulako gure hizkuntza». Administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidea eta beharra dagoela gogoratu du: «Errenta aitorpena euskaraz eginez, administrazioaren euskalduntzean ere eragiten dugulako».