«Etxebizitzaren negozioaren aurka hartuko ditugu kaleak»
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak mobilizatzeko deia egin du ‘Etxebizitzaren negozioari ez’ eta ‘Enpresari zein politikarien eskutik ez da irtenbiderik etorriko’ lelopean.

Etxebizitzaren negozioaren aurkako manifestazioarekin bat egiteko eskatu du Goierriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Mobilizazioa bihar eguerdian izango da, Donostian. Sindikatuak kritika egin die erakunde publikoek hartzen dituzten neurriei.
Zer helburu dituzue manifestazio honekin, eta zergatik erabaki duzue Donostian egitea?
Maddalen Otaegi: Manifestazio honen helburu nagusiak etxebizitza arazoaren erroa seinalatzea, eta honekin, mobilizatzeko indarraren antolaketan pausoak ematen jarraitzea dira. Etxebizitzaren negozioaren aurka hartuko ditugu Donostiako kaleak. Turistifikazioak bertan duen eragina eta honek dakarren prezioen gorakada dira kezka nagusienak, besteak beste.
Etxebizitza krisia nola eragiten ari da Euskal Herrian eta Goierrin?
Eneko Murua: Etxebizitza krisia baino, gizarte kapitalistaren krisi betean gaudela ikusten dugu; langileriaren pobretzeak markatutako testuinguru batean eta etxebizitzaren arazoa estrukturala bada ere, krisi garaietan larriagotu egiten da.
Noski, Euskal Herria eta Goierri ez daude honetatik salbu. EAEn esaterako emantzipazio adina 30 urtetan dago eta Goierrin LGSaren ia %60 behar da alokairu bat ordaindu ahal izateko. Are gehiago, arazoaren muturreko aurpegia ere ikus daiteke; etxegabetzeak kasu. Pasa den hilean Legazpin etxegabetze bat eman zela salatu genuen, eta gaur-gaurkoz, Beasainen etxegabetu nahi duten familia batekin antolatuta gaude.
Zein dira sindikatuaren eskakizun nagusiak biharko manifestaziorako?
M. O.: Manifestazioa honako aldarrikapenen gainean antolatzen da. Batetik, etxebizitzaren arazoaren erroa higiezinen negozioa dela seinalatzeko eta arazo hau arintzera bideratutako politika instituzionalen helburua higiezinen negozioa finantzatu eta haren errentagarritasuna babestea dela salatzeko. Bestetik, planteatu daitezkeen neurri aringarriak higiezinen sektorearen irabazien kontura hartu behar direla azpimarratzeko. Eta azkenik, etxebizitzaren arazoari irtenbide iraunkor eta unibertsal bat emateko, eta era berean, honen desmerkantilizazioa ezinbestekoa dela aldarrikatzeko.
Nola ikusten duzue azken urteetan etxebizitzen prezioen egoera eta gazteentzat eta familia langileentzat sortzen diren zailtasunak?
E. M.: Etxebizitzarako sarbidea diruaren bitartez egin behar da, eta beraz, aldakorra eta pribatiboa da; gaitasun ekonomikoak baldintzatzen du. Beraz, arazoa orokorrean sarbide arazo bat dela ikusten dugu.
Gazteon kasuan, ikasketa prozesua espezializatu izanak, gazteok lan mundura beranduago sartzea ekarri du, eta emantzipatzeko batez besteko adina 30 urtetara igo da jada. Gainera, gazteok lan prekarioagoak izan ohi ditugu, eta horrek, soldata baxuagoa izatea dakar. Horri, merkatuan dauden prezioak eta bizitzaren garestitzea lotuz gero, nabarmena da gazteok emantzipatzeko dugun ezintasuna.
«Etxebizitza krisia baino, gizarte kapitalistaren krisi betean gaudela ikusten dugu»
Zer ekintza izango dira sindikatutik manifestazioaren ondoren eskaerak lortzeko?
M. O.: Etxebizitzaren arazoarekin batera kezka soziala eta kale mobilizazioak areagotu dira azken boladan. Ordea, etxebizitzarako sarbidea diruaren menpekoa den bitartean, langile klaseak emantzipatzeko ezintasunak bere horretan jarraituko duela ikusten dugu. Beraz, lekuan lekuko sindikatuetatik, etxebizitzarekin egiten den negozio oro seinalatzen jarraituko dugu eta baita etxegabetze guztiak salatzen ere. Funtsean, etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izatearen alde lanean jarraituko dugu.
Zer uste duzue egin dezaketela administrazioek eta gobernuek etxebizitzaren arazoa konpontzeko?
E. M.: Gaur egun hartzen ari diren neurriak ez direla eraginkorrak ikusten ari gara. Izan ere, etxebizitzaren arazoa eskaintza falta dela diote, beraz, neurri guztiak etxebizitza merkatua handiagotuz hartzen dira, eta finean, etxebizitzaren negozioa egitea bermatzen dute. Nola? Etxebizitzaren negozioa diru publikoz finantzatuz; etxeak eraikitzeko kolaborazio publiko-pribatuaren bitartez; jabe errentistentzako salbuespen fiskalak eskainiz; eta zuzenean jabeen poltsikoetara doazen diru laguntzak emanez, besteak beste.
Gure ustez, planteatu daitezkeen neurri aringarriak higiezinen irabazien kontura hartu behar dira; prezioen jaitsiera, erabilera gabeko etxeen espropiazioa, errentismoari mugak ezartzea, etab. Baina, hau ez da enpresarien eta haien zerbitzura dauden politikarien eskutik etorriko.
Etxebizitzen alokairuen prezioen inguruan zein iritzi duzue? Zer neurri hartu behar dira horri aurre egiteko?
M. O.: Alokairuen prezioak gora doaz, hau ez da ausazko fenomeno bat. Gaur egun eskari-eskaintza arazo bezala planteatzen duten arren, etxebizitzaren merkatua errentagarria dela ikusten dugu. Izan ere, putre funts, espekulatzaile eta jabe handi asko ari dira inbertitzen bertan, eta honek dakar prezioen igoera hain zuzen ere.
Honen aurrean, etxebizitzarako sarbidearen unibertsalizazioaren aldeko borrokan pausoak eman behar dira, baina aldarrikapen hauek azken helburu honetara bidean aurrerapausoak izan behar dute. Esaterako, alokairuen prezioen jaitsiera aldarrikatzen dugu, betiere, horrek etxebizitzaren desmerkantilizazioaren aldeko borrokan langileriaren antolakuntza posizio indartsuagoan utziko badu. Borrokarako baldintza hobeagoetan, alegia.
Zer beharrizan konkretu dituzte gazteek eta langileek etxebizitza duina izateko, eta nola laguntzen du sindikatuak haien borrokan?
E. M.: Gazteek etxebizitza batera sartzeko zailtasun gehiago dituztenez, baldintza okerragoetan dauden etxebizitzak izan ohi dituzte, jabeen inpunitatera gehiago arriskatuz; abusuzko klausulak, azpiegitura arazoak, etxegabetze mehatxuak, etab. Halako arazoekin etorri ohi dira sindikatura, eta bertatik, gure gaitasunen arabera, jabeen inpunitate hori borrokatzeko bitartekoak eskaintzen saiatzen gara; aholkularitza juridikoa emanez, kaltetuei akonpainamendua eskainiz eta kale mailan babesa antolatuz.