Herrian sortu edo ekoizten dutena erakutsiko dute 'Olaberria ezagutzen' azokan
'Olaberria ezagutzen' goiburupean, feria igandean da. Olaberriak «eskaintzen duen guztia» jarriko dute, 19 postutan. Bazkaria, erakusketak eta emankizunak ere badira
Festa giroan, Olaberriko herriak sortzen edo ekoizten duen «guztia» azoka batean erakustea. Helburu horixe dauka igandean hirugarren aldiz ospatuko den Olaberria ezagutzen feriak. 11:00etatik aurrera, 19 ekoizle edo eragileren produktuak ikusi eta erosi ahalko dira. Egun osoko jaia antolatu dute.
Ferian jakiak eta edariak aurkeztuko dituzte: Munduate piperrak, Bengoetxe txakolina, Aizpea eta Txoko gaztak, Etxeberri-Goiko jogurtak, Etxe-Zuri eta Akarregi sagardoak, garagardoa, barazkiak, Nerea Irureren pastelak, Zegama Okindegiaren ogiak…
Kultura arloan, Mari Rosen margo lanak, edota Tere Irastortza, Fatima Rincon eta Fabio Clemente idazleen liburuak zein poemak eskura daitezke azokan. Udalak ateratako produktuak, elastikoak, kutunak, haurrek egindako eskumuturrekoak eta bigarren eskuko jostailuak ere jarriko dituzte ikusgai eta salgai.
Herriari buruz hiru bideo
Ondare immateriala ere eramango dute. Tartean, hiru ikus-entzunezko emango dituzte: Olaberria irudietan, Arkupe eta Atzoko eta gaurko ikasleak bideoak. Bestetik, lau erakusketa atonduko dituzte: egur tailaketak, eskulanak, kart ibilgailuak eta bildumak.
Olaberrian dauden zerbitzuen informazioa ere zabalduko dute.
Feriaren ingurumarian, jan-edanerako eta festarako ere osagaiak txertatu dituzte. Haurrek jolaserako aukera izango dute, eskulangintzan eta margoketan.
Goizean zehar patata-tortilla lehiaketa egingo dute. Osagaietan, patata eta arrautzak antolakuntzak banatuko ditu; gainerakoak (zartagia, olioa…) partaideek eraman behar dute.
Herri bazkaria eguerdian
Olaberria ezagutzen feriaren bigarren zatia herri bazkariarekin hasiko da. Menuan oilasko erre osoa, entsalada, patata-tortilla eta kafea sartzen dira (20 euro). Txartelak Arrietan, Zezilionean eta Tabernan daude salgai.
Arratsaldean, haur jolasak, mus txapelketa (bikoteko 10 euro da izen-ematea), txintxoi karta-jokoa eta zaldian paseoak jarriko dituzte. Igandea bukatzeko, taloak erreko eta salduko dituzte, 18:00ak aldera.
EGITARAUA: Apirilak 17, igandea · 11:00. Harrera eta azokaren irekierta. Erakusketak: bildumak eta eskulanak. Emanaldiak: ‘Atzoko eta gaurko ikasleak’, ‘Olaberria irudietan’ eta ‘Arkupe’ Haurrentzako eskulanak eta aurpegi margotzea. · 11:30. Patata-tortilla lehiaketako osagai banaketa. · 13:00. Patata-torrilla lehiaketako sari banaketa. Errifen eta tartaren zozketa. · 14:30. Bazkaria. · 15:30. Haur jolasak. · 16:00. Mus txapelketa (10 euro) eta txintxoi txapelketa (doan), Arkupe elkartean. · 16:30. Zaldian paseoak. · 18:00. Taloak.













