Europako hainbat herrialdetako musika ikasleak etorriko dira asteburuan Goierrira. Gaur eta bihar hainbat kontzertu egingo dituzte Legazpin, Ordizian eta Urretxu-Zumarragan

Ordiziako Musika Eskolako ikasleak iaz Donostian, Emusik jaialdiaren irekiera kontzertuan.
Europako hainbat herrialdetako musikariak hartuko ditu egunotan Goierrik, Emusik jaialdiaren barruan egingo duten elkartrukea dela eta. Besteak beste, Alemania, Polonia, Suitza, Eslovakia edota Kataluniako gaztetxoak etorriko dira. Legazpin, Ordizian eta Urretxu-Zumarragan, esaterako, ehunka gaztetxo bilduko dira eta emanaldiak egingo dituzte asteburuan.
Europako Kultur Hiriburutzaren barruan sortutako egitasmoa da Emusik, Europako musika eskolen arteko jaialdia. Gaur goizean, Goierriko hainbat musika eskoletako ikasleek Donostiako Ilunben egingo duten jaialdian parte hartuko dute; guztira 8.000 ikasletik gora bilduko dira bertan, eta tartean izango dira Beasain, Lazkao, Legazpi, Ordizia eta Urretxu-Zumarragako musika eskolak. Arratsaldean berriz, Gipuzkoako hainbat herritan barrena banatuko dira.
Ordizian esaterako, Ordiziako Musika Eskolarekin batera, Alemaniako Taktgefühl Brandenburgeta Bamberg, Suitzako Jugendmusik Frauenfeld musika eskolek eta Poloniako Przemysl orkestra eta abesbatzak parte hartuko dute. 18:00etan izango da emanaldia; talde bakoitzak ordu erdiz joko du, eta bukaeran, Europako ereserkia joko dute denek elkarrekin.
Goierri garaian ere bai
Emusik jaialdiaren barruan, Urretxu-Zumarragako eta Legazpiko musika eskolek ere parte hartuko dute, eta bi herriotan ere egingo dituzte emanaldiak, gaur biharretan. Urretxu-Zumarragako Secundino Esnaola musika eskolako ikasleek ere parte hartuko dute egitasmoan. Donostiako jaialditik bueltan, ongietorria egingo diete musikariei, 17:00etan, Zelai Arizti parkean. 18:00etan berriz, Ale- maniako ikasleek kontzertua egingo dute, bertako musikariekin batera. Bihar berriz, Eslovakiako eta Kataluniako musikariak etorriko dira. Harrera 10:30ean egingo zaie, eta 11:00etan emanaldia izango da.
Legazpin ere, 200 lagunetik gora elkartuko dira asteburuko emanaldietan. Doinua musika eskolako ikasleekin batera, Sustraiak eta Korosti dantza taldeek, Legazpiko Musika Bandak, Alaitasuna errondailak, Santikutz abesbatzak eta danborradako kideek ere parte hartuko dute, jai giroko ekitaldietan. Legazpiko emanaldiak gaur (18:00) eta bihar (11:00) izango dira.