Gazteen garaia da ekaina
Ikasturtea bukatzen ari den honetan, gazte festak herri askotan ari dira ospatzen. Asteburuan Gabirian izan dute I. Gazteburua. Zaldibian eta Ataunen prest dituzte
Ikasle —eta, ondorioz, gazte— ororen hilabete gustukoena izan ohi da ekaina. Izan ikasturtea ondo gainditu duela eta ospatzeko, izan amesgaiztoari bukaera damaion hila delako. Uda atarian, oporren irrikan, geroz eta lehenago hasten dute gazteek ospakizun aroa, ordea. Gazte festak dira horren erakusgarri. Herri askotan ospatzen dituzte.
Gabirian, adibidez, I. Gazteburua izan dute, ostiraletik igandera. Petti kantariaren eta Mormore taldearen kontzertu entzungarriarekin hasi, eta larunbat luzea izan zuten. Kirol desafioan, Joseba Iztueta korrikalariak eta Eresti Oiarbide txirrindulariak osatutako bikoak irabazi zuen apustua. Estu, hala ere. 11:16,84 minutuan bukatu zuten lana. Aurkariek, Idoia Maizek (korrika) eta Jokin Matxinandiarenak (bizikletan) 11:17,10 behar izan zuten; «gurpil erdi bat» gehiago.
Iztuetak, gainera, Learregi aldapa korrika igotzen marka jarri du: 4:45,55 minutu, Agerreko Askatik Gabiriako herrira. Gazte bazkarian 80 lagun izan ziren.













