Irakurketa erraza egitasmoa irakurtzeko zailtasuna dutenentzat
Ardura bereziarekin landutako liburuak eta dokumentuak proposatzen dituzte. Zailtasunak dituzten pertsonak irakurtze praktikara hurbiltzeko helburua du
Irakurketa erraza egitasmoa aurkeztu zuen atzo Dar-Dar produkzioak enpresak Ordiziako Zuhaizti jubilatuen egoitzan. Asier Zinkunegi eta Iker Zinkunegi izan ziren aurkezpenean. Egitasmo hori, Hiri hezitzailea programaren testuinguruan bultzatu dute Ordizian.
Pertsona nagusiengana eta jubilatuengana zuzendu nahi izan dute espreski egitasmoaren aurkezpena, horren berri izan dezaten.
Irakurketa erraza
Irakurketa errazeko materialak ardura bereziarekin landutako liburuak eta dokumentuak dira. Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonek irakurri eta ulertu ahal izateko prestatuta daude.
Irakurketa erraza egitasmoa pertsona zehatz horiei laguntzeko sortu da: irakurtzeko zailtasunak dauzkaten pertsonei, edota irakurritakoa ulertzeko zailtasunak dauzkatenei.
Zailtasun horiek behin-betikoak izan daitezke. Zentzumen-minusbaliotasunak edo minusbaliotasun psikikoak dauzkatenak daude talde horretan. Arazo neuropsikologikoak dauzkatenak ere bai, adin batetik gorako pertsonak, pertsona senilak eta abar… Irakurtzeko behin-behineko zailtasunak dituztenak ere badira. Hizkuntza ofizialean irakurtzeko gaitasuna mugatuta daukatenak daude bigarren talde horretan, baita etorkin heldu berriak eta beste hizkuntza bateko hiztunak, analfabeto funtzionalak edo alfabetatze-prozesuan daudenak era. Eskola-curriculumari moldatzeko arazoak dauzkaten umeak eta nerabeak edo ikasketa maila baxua daukatenak ere sartzen dira taldean.
Helburuak
Pertsona nagusiei eta beste hainbat kolektibori irakurtzeko aukera eskaintzea da helburua, irakurtze praktiketara hurbildu daitezen modu atseginean. Irakurtzea «gozamena» dela diote Dar-Darrekoek, eta «ideiak, pentsamenduak eta esperientziak partekatzea» baimentzen duela.
Egitasmoaren bidez, pertsona guztiengana hurbildu nahi dute irakurtze praktika «beraientzako aukera» izan dadin. Horretarako, pertsona interesatu guztien ezaugarriak kontuan hartuta sortutako material egokiak eta metodologiak erabiltzen dituzte.













