Goierriko biak sartuta, guztira 55 natur-eremu egongo dira Europa mailako Kontserbazio Bereziko eremuen artean, Natura 2000 sarearen baitan

Aste honetatik aurrera, Aralar eta Aizkorri-Aratz mendilerroak biodibertsitatearen kontserbaziorako Europar Batasuneko esparrua den Natura 2000 sarearen parte izango dira. Pasa den igandean egin zuen jakinarazpena Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde politikako sailburuak, Ingurumenaren Nazioarteko egunaren harira.
Aizkorri-Aratz eremua aukeratzeko arrazoi nagusia «eko- logia maila altua» izan da. Izan ere, bertan «balio handiko hainbat hegazti espezie» aurki daitezke, eta baita mendilerroak dauzkan ezaugarri fisikoen arabera, «fauna eremu bereziak» ere.
Aralar mendilerroa, berriz, bertan «fauna eremu jakin zehatzak» eta «hegazti-espezie bereziak» aurki daitezkeelako aukeratu dute. Zehazki esateko, ardi latxen eta Euskal Herriko Mendiko Zaldia espeziearen bilgunea izatea nabarmendu dute lekuaren aukeraketa argudiatzeko.
«55 bihotzen» artean

Aralarko Igaratzako larreak, atzean Aizkorri dela.
Aralar eta Aizkorrirekin, guztira 55 eremu izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan Kontserbazio Bereziko Eremu izateko izendapena jaso dutenak. Oregi sailburuaren hitzetan, eremu guztiak «Euskadiko naturaren 55 bihotzak» dira. Era berean, eremuen sarea «biodibertsita- tearen galera ekiditeko eta naturaren kontserbazioa garatzeko ezinbesteko bitartekoa» izango da.
Natura 2000 sarea «pertsonen eta naturaren arteko aliantzaren isla» dela ere azpimarratu du Oregi sailburuak, «naturarekin harreman zuzena duten biztanle-guneetan garapen jasangarria sustatzeko abagunea» izateko.
Eremuen kudeaketa Jaurlaritzaren eta lurralde bakoitzeko foru aldundien esku geldituko da. Horretarako oinarrizko aldagai gisa eremu horietako biztanleria eta ingurunean eragiten duten ezaugarriak hartuko dira kontuan. Eremuen inguruko informazioa «jarraipen programa baten bitartez» kudeatuko dute.
Bi izendapen horiek batuta, guztira hiru izango dira Goierriko ordezkariak zerrenda horretan. Hain zuzen, lehendik sartutako eremua Oria ibaiaren goiko arroa da. Bestalde, Goierriko biekin batera, Arreo/Caicedo Susoko aintzira izan da (Araba) zerrenda horretan aste honetan sartu den eremua.