Elite eta 23 urtez azpikoentzat 52. San Martin proba jokatuko da etzi. Bihar junior mailako Urretxuko Saria izango da. Bi proba horien irabazleek Gipuzkoako txapela jantziko dute
Txirrindularitza sasoia bete-betean da dagoeneko, eta horren erakusgarri da astebururo jokatzen ari diren ziklismo probak. Asteburu honetan bi izango dira Goierrin: bihar, junior mailako Urretxuko Saria; eta etzi, elite eta 23 urtez azpiko afizionatuentzako 52. Ataun San Martin proba. Asteburuko bi proba horietan Gipuzkoako Txapelketa ere jokoan egongo da.
Agauntza kirol elkarteak antolatutako probak 115,5 kilometro izango ditu aurten iaz, 136,5 kilometrokoa zen. Santi Osoro elkarteko kideak eman ditu azalpenak: «Igandean Eskola Txikien festa da Ikaztegietan, eta beraz, ibilbidea ezin genuen Alegia eta Amezketa aldera eraman». Horren ordez, Larraizko gainera igo beharrean, Gaintza aldera egingo dute txirrindulariek, Zaldibiatik igota. Urkillaga (38. kilometroan eta 109,5. kilometroan) eta Gaintza (61,5. kilometroan eta 86. kilometroan) bitan igoko dituzte, eta ohi bezala, Urkillagako azken pasaera erabakigarria izango dela espero da. Irteera 09:30ean da, eta 12:30a aldera iritsiko da irabazlea helmugara.
Faborito argirik gabe
Iaz Ampo taldeko Aitor Gonzalez izan zen irabazlea elite mailan, eta Caja Ruraleko Josu Zabala 23 urtez azpikoetan. Aurtengorako faborito argirik ez du ikusten Osorok: «Castelloko Itzulia da asteburuan, eta azterketa garaia ere bada. Ez dakigu zehatz taldeak zer txirrindularirekin etorriko diren». Etorriz gero, Iker Azkarate lazkaotarra proba irabazteko hautagaien artean ikusten du. Euskaldun Txapelketarako puntuagarria izango da Ataungo proba. Azkarate, gaur-gaurkoz, 7. postuan doa sailkapen orokorrean. Hamalau taldek parte hartuko dute, tartean Ampo-Goierriko Txirrindularitza Bultzatuzek.
Juniorrak Urretxun
Bestalde, Goierri Kirol Elkarteak antolatutako Urretxuko Saria jokatuko da bihar, junior mailakoa. Txirrindulariek 89,9 kilometroko ibilbidea dute aurretik, eta hirugarren mailako hiru mendate ere bai: Atagoiti (71,9. kilometroan), Gabiria (77,9.ean) eta Eitza (86,4.ean). 09:30ean hasiko da lasterketa, eta 11:45 aldera bukatu. Bazpi taldeko Julen Carbayeda doa oraingoz lider lehen urteko juniorretan, eta bigarren urtekoetan, berriz, Limuosuin Cartonajes taldeko Luis Mari Garikano.