Madrilen «indartsu» egon behar dela dio EH Bilduk
EH Bilduk Madrilgo Gorteetarako hauteskunde kanpainako eskualdeko ekitaldi nagusia egin zuen atzo Beasainen. Marian Beitialarrangoitia Gipuzkoako zerrendaburuak, eta zerrendan doazen Eraitz Saez de Egilaz eta Jone Etxeberria goierritarrek herritarren g...
EH Bildu koalizioak Madrilgo Gorteetarako hauteskunde kanpainako eskualdeko ekitaldi nagusia egin zuen atzo Beasainen. Marian Beitialarrangoitia Gipuzkoako zerrendaburuak, eta zerrendan doazen Eraitz Saez de Egilaz eta Jone Etxeberria goierritarrek herritarren galderei erantzun zien Gernika pasealekuko pilotalekuan. Beitialarrangoitiaren iritziz. EH Bildu Madrilen «indartsu egotea» oso garrantzitsua da, Euskal Herriaren eta herritarren interesak defendatzeko: «Espainian krisi latza dago eta espainiar zaleenek ere badakite zerbait proposatu beharko dutela. Baina 1978an gauzak faltsuan ixtea bezalako zerbait izan ez dadin, eta benetako aldaketa egon dadin, guk ez baditugu mahai gainean sendo jartzen aldaketa horrek zein ezaugarri izan beharko lituzkeen, inork ez ditu jarriko».
Aldaketa hori «benetakoa» izan dadin, «herri honen eskubideak aitortu beharko dituen aldaketa bat izan beharko da». Horrekin batera, bake eta normalizazioaren bidean ere urratsak eman beharko lirateke. Eskubide sozialean arloan, berriz, «hemengo erakundeek onartu dituzten legeak» errespetatu eta «Espainian onartu diren lege asko bertan behera gelditu beharko lirateke, lan erreforma, abortuaren legea eta LOMCE, esate baterako».
Era horretan, EH Bilduren botoak «balio bikoitza» duela dio: «Aldaketarako aukeraren bat irekiko balitz EH Bildu han egongo litzatekeelako benetakoa izan dadin. Eta, bestetik, horretarako aukerarik ez badago ere, Euskal Herriaren eskubideen defentsa egiteko EH Bildu han egongo delako.












