Bihar Segurako plazan aurkeztuko dute dantza txapelketaren 40. urteurrenaren harira. San Joan txirrindulari proba, eta toka eta bola txapelketa ere jokatuko dira festa aurreko asteburuan
Beasaingo udal gobernu taldea.
Beasaingo Udaleko udal gobernu taldeak bidali duen balorazio oharraren arabera, «herritarren ongizatearekin eta bizitza kalitatearekin batera, enplegu aukera berriak sortzea» izan da urte beteko legealdiaren lehentasuna. Horrekin batera, «larrialdi handieneko» gaiak konpontzea, herritarren eskariei erantzutea eta legealdi planeko proiektuak martxan jartzea izan dira udal gobernuaren eguneroko eginkizunik nagusienak.
Autokritikarako tartea ere hartu du udal gobernu taldeak: aurrez ezarritako epeak betetzeko hainbat momentutan izan duten «geldotasuna eta zailtasuna». Hala ere, «arlo askotan hobetzea eta aurrera egitea lortu da, eta udal gobernu talde berriak landuta ekarritako proiektu asko martxan jarri dira».
Gelditutako proiektuak
Hiltegi zaharreko zubia, Esteban Lasako uren filtrazioa eta Oriamendi kaleko usain txarrak konpondu, eta Oriamendiko kaleko obrak likidatu dituztela gogoratu dute. Horrekin batera, «geldituta zeuden hainbat proiektu martxan jartzea eta beste batzuk hobetzea» izan da beste egiteko bat. Gizarte Ongizate zerbitzuen eta programen gida, Ezkiaga auzoko igogailuak, Matxinbenta auzoan eskola zaharrean teilatua konpontzea, Arriaranen aparkalekua egokitzea eta Astigarretan ur arazoa konpontzea aipatu dituzte adibidetzat.
Baratzeen proiektua ere nabarmendu nahi izan dute. «Erabilpen soziala» emanez, «behar gehien duten pertsonei eta elkarteei» emango diete baratzea erabiltzeko lehentasuna. Kokapen berria ere finkatu du udal berriak. «Aurreko aisialdiko baratzeen proiektuarekin alderatuz, 214.000 euro aurreztu ditugu», dio oharrak.
Kultura eta ongizatea
Kulturaren alorrean, Igartza Musika programa eta Igartza Musika Beka nabarmendu dituzte. Baita
dantzan.com elkartearekin euskal dantza tradizionala bultzatzeko sinatu duten hitzarmena ere. Euskararen sustapenean, lehenengo euskarazko Casio kalkulagailu zientifikoaren euskaratzean Beasaingo Udalak parte hartu duela gogoratu dute.
Ongizatearen alorrean, «ekonomiaren eta enpleguaren sustapena» izan dira udal gobernuaren lan ildo nagusiak. «Udaletik hainbat egitasmo bideratu dira enplegurako aukera berriak sortzeko asmoz». Horien artean, Anezka ekintzaileen gunea, langabetuentzako formazio ikastaroak eta Merkataritzaren Biziberritze Plana daude.
Lankidetza oinarri
Era berean, urtebete honetan, gainerako erakundeekin, oposizioko taldeekin eta Beasaingo eragileekin eta herritarrekin izandako lankidetza eta harremana nabarmendu dituzte. Loinatz futbol zelaian belar artifiziala jartzea, elkarbizitzaren alorrean talde politiko guztiek parte hartu izana, gazteekin mozorro eguneko irizpideak jartzea, eta aurretik aipatutako Igartza Musika eta
dantzan.com azpimarratu dituzte..
Udalaren barruan, bestalde, antolakuntza egitura berriaren lanketan aritu direla aurreratu dute; irailetik aurrera jarriko dute martxan bere osotasunean. «Udalaren funtzionamenduan eragin zuzena izango du, giza baliabideak eta materialak optimizatuz eta eraginkortasunik handiena lortuz». Helburu nagusia, herritarrei udalak ematen dion zerbitzua hobetzea dela zehaztu dute, herritarren eskariei ahalik eta azkarren eta eraginkorren erantzuteko.