CAFek Erromako metrorako egindako trena © Karlos Corbella
Beasaingo CAF enpresak beste kontratu garrantzitsu bat sinatu du Italian. Kasu honetan, Napoles hiriko metroarekin sei urteko hornidura kontratua da itxi duena. Hitzarmen horrek, 6 kotxeko 10 unitate eraikitzea aurreikusten du, eta beste 10 tren osagarri eskatzeko aukera ere zabalik uzten du. Italiako hegoaldeko hiri nagusia da Napoles, 3 milioi biztanlerekin.
Azken urteotan CAFek “presentzia handia” lortu du Italian, eta metroko ibilgailuen hornitzaile nagusietako bat bihurtu da. Erromako metrorako, adibidez, 71 unitate egin ditu, 2002an lehen kontratua sinatu zutenetik. Horri gehitu behar zaizkio, Triesteko 12 tren elektrikoak, Bari eskualdeko 5ak, Sardiniako 8 tren dieselak edota Milan eta Lonbardia arteko trenentzako bogie-ak. Horrek guztiak, konpainiak Italian duen presentzia indartu egiten duela uste du CAFek.