David Pastor & Nu Roots.
Goierriko Jazzaldia indartsu dator aurten, lau eguneko egitaraua izango baitu, uztailaren 6tik 9ra. Azken edizioetan bezala, Araman eta Ordizian izango dira kontzertuak. Jaialdiaren filosofiari eutsiz, aurreneko egunean, bertako musikari gazteen txanda izango da. Ostiralean, jazzaren historiari errepasoa egingo diote. Eta asteburuan, Gipuzkoako, Euskal Herriko edota Kataluniako taldeak izango dituzte, horien artean, baita Donostiako Jazzaldian jotakoak ere.
Aurten Goierriko Jazzaldian joko duten taldeen artean daude Tutti Frutti Jazz Project, Nevermind Trio, The Machetazo, Noalur Quartet, FMA Trio edota David Pastor & Nu Roots taldeak, ibilbide luzeko musikariak eta jende gaztea elkartzen dituen kartela osatuz. David Pastor tronpeta joleak, esaterako, sekulako curriculuma du; Celia Cruz, Armando Manzanedo, Presuntos Implicados, Jaime Urrutia edota Seguridad Social bezalako taldeekin jo du, baita Buenafuenteren telebista saioan ere. Jazz munduan ere izena egitea lortu du, hainbat taldetan eta nazioarteko jaialdirik garrantzitsuenetan jota.
Horiekin batera, aipatzekoak dira jaialdian ariko diren bi musikari goierritarrak ere. Fredi Pelaez lazkaotarrak, esaterako, FMA Trio taldearekin joko du. Mikel Urretagoiena ordiziarra berriz, disko berria prestatzen ari den The Machetazo taldearekin etorriko da Goierrira.
- UZTAILAK 6
– 19:30. Barrena Big Band (Ordiziako Plaza Nagusia)
- UZTAILAK 7
– 22:30. Jazz musikaren historia: entzunaldia, Angel Manriqueren eskutik (Sugaar taberna, Ordizia)
- UZTAILAK 8
– 19:30. Tutti Frutti Jazz Project (Ordiziako Plaza Nagusia)
– 23:00. Nevermind (D’elikatuz Zentroa, Ordizia)
- UZTAILAK 9
– 18:00. The Machetazo (Aramako Parkea)
– 19:30 Noa Lur Quartet (Aramako Parkea)
– 21:00 Jazz Afaria (Aramako Plaza Nagusia)
– 23h00 FMA Trio (Barrena parkea, Ordizia)
– 00:00 David Pastor & Nu Roots (Barrena parkea, Ordizia)