Igor Esnaola segalari legorretarrak azken bi urteetan lortutako txapela berresten saiatuko da etzi Zizurkilgo Areta baserriko lurretan jokatuko den Gipuzkoako Azkartasuneko Sega Txapelketan. Hamalau segalari ariko dira lehian: Arkaitz Arteaga, Peio Arg...

Igor Esnaola segan, artxiboko irudian.
Igor Esnaola segalari legorretarrak azken bi urteetan lortutako txapela berresten saiatuko da etzi Zizurkilgo Areta baserriko lurretan jokatuko den Gipuzkoako Azkartasuneko Sega Txapelketan. Hamalau segalari ariko dira lehian: Arkaitz Arteaga, Peio Argaia, Jokin Etxeberria, Julen Gabirondo, Mikel Garaialde, Jokin Garmendia, Joakin Garmendia, Suharri Irazustabarrena, Arkaitz Lizarralde, Iñigo Mercader, Jon Otaegi, Iban Pardo, Andoni Urrutia eta Esnaola bera.
Segalari guztiek 100 koadroko sail bat ebaki beharko dute, eta azkarren eta txukunen ebakitzen duten lau kirolariek neurri bereko beste bat ebaki beharko dute. 2012an bi sailak bost minutuan ebakita jantzi zuen txapela Legorretakoak; 2014an 4 minutu eta 46 segundo behar izan zituen; eta iaz, 4 minutu eta 39 segundoan osatu zuen lana. Txapelketa 18:00etan hasiko da.
Kilokako finala Asteasun
Gipuzkoako ohiko sega txapelketaren finalerako ere sailkatu zen Esnaola ekainaren 19an Zestoako Aizarnan. Finala Asteasuko Sarobe baserriko belardietan izango da uztailaren 10ean, 12:00etan, eta Arkaitz Arteaga, Julen Gabirondo eta Jokin Etxeberria izango ditu aurkari.