Dendarientzat «oso positiboa» izan da Udalaren berrikuntza programa
Ordiziako zazpi establezimenduk parte hartu dute 'Berrikuntza: zure dendaren arrakasta' programan. Proiektuari jarraipena ematea da Udalaren helburua
Atzo aurkeztu zen D’elikatuz zentroan Berrikuntza: zure dendaren arrakasta programaren balorazioa. Bertan izan ziren udal ordezkariak, Ordiziako hainbat dendari eta ieTeam enpresako ordezkaria.
2015eko azaroan Ordiziako Udalak, ieTeam aholkularitza enpresarekin batera, herriko merkataritza sektorea sustatzeko proiektu bat aurkeztu zuen, berrikuntza eta hobekuntza proposamenak garatzea helburu zuena.
Establezimenduetan inbertsioren bat egitea, produktuen antolamendua aldatzea, eskaintzen diren zerbitzuen aukera zabaltzea, komunikazio eta irudi korporatiboa hobetzea edo antzeko ekimenak aurrera eramatea buruan duten dendariei zuzendutako proiektua zen. Proiektura batu diren saltokiak ondokoak izan dira: Vicuña jantzigintza, Narai haurren moda, Carrion elektratresnak, Mattiren txokoa, Goierriko Nekazal kooperatiba, Ugalde edariak eta Txindoki taberna-jatetxea.
Zuzeneko lana dendariekin
IeTeam enpresa izan da, Udal Merkataritza bulegoaren gainbegiratzearekin batera, proiektuari forma eman eta dendariekin zuzenean saltokietan bertan lana egin duena. Identifikatutako hobekuntza esparruak jorratu dituzte, eta bakoitzaren indar-guneei bultzada eman diete, eskariaren ezaugarriak kontuan hartuz.
Proiektuak bi fase izan ditu. Lehen fasean, oinarrizko formazioa jaso dute dendariek. «Komunikazioa, segmentazioa, merchandisinga, bezeroari arreta, konpetentziaren behaketa, hornikuntza eta bezeroen kudeaketa» landu dituztela adierazi zuen Ainara Mugak, ieTeam enpresako ordezkariak. Bigarren fasean, berriz, dendariekin eta dendan bertan «ideia horiek garatzen» aritu direla gehitu zuen.
Hainbat hobekuntza lortu dituzte programa aplikatuta. Besteak beste, «saltokiren baten birposizionatzea, salmenten kontrol edo adierazleen lorpenean hobekuntza, gertuko merkatal gunean hobekuntzak eta sare sozial bidezko komunikazioa sustatzea» identifikatu dituzte emaitzen artean.
Dendariek, programaren «balorazio positiboa» egin dute. Horregatik «proiektuari jarraipena ematea» dela helburua adierazi du Jose Miguel Santamariak.













