Ekaineko ohiko osoko bilkurako gaiak arazorik gabe onartu ziren .Eskaera eta galderetan mahaiaratu zuten EH Bilduko ordezkariek udaltzaingoaren egoneza
Ohiko osoko bilkura egin zen joan den ostegunean Ordiziako udaletxeko areto nagusian. Udal ordezkariek egun horretarako prestatutako gaiak onartu zituzten. Horien artean ziren EH Bilduren hainbat proposamen, Ondare Higiezinen Zergan zerga-tasa berriak onartzea 2017an aplikatzeko, eraikuntza eta obren zergan hobaria Oianguren ikastetxeari, Udalsarea 21en atxikitzeko akordioaren berritzea eta Garbigune eremuari dagokion Arau Subsidiarioen aldaketa.
EH Bilduren mozioak
Ekaineko ohiko bilku horretan EH Bilduk aurkeztutako proposamenen artean, Euskal Herrian Frente Polisarioaren ordezkaria izan den Mohamed Abelazizeri agurra zegoen eta aho batez onartu zuten.
Ekainaren 28an Nazioarteko LGTB (Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexual) Harrotasunaren Eguna izan zen, eta aniztasun eta identitate sexualaren aldeko adierazpenera atxikitzeko proposamena ere aurkeztu zuen EH Bilduk. Hori ere aho batez onartu zuten udal ordezkariek.
Hirugarren proposamena Mandela arauen inguruan izan zen. EH Bilduk ondorengo eskaera egin zion udal gobernuari: Nazio Batuek onetsitako Presoak Tratatzeko Oinarrizko Mandela Arauekin bat egitea. Hala, euskal presoei Mandela Arauak aplikatzea eskatu zuen, eta Nazio Batuen gomendioari jarraituz, uztailaren 18ko presoen eskubideen aldeko Mandela Eguna ospakizuna aintzat hartzea ere bai, kartzelaratze baldintza arbitrarioen kontra agertuz eta presoak gizartearen parte ere badirela aldarrikatuz.
Udaltzaingoaren gutuna
Bestalde, eskaera eta galderen puntura iritsita, EH Bilduko ordezkariek Ordiziako udaltzainburuak jaietako barraka eta zezen plazaren kokapenaren inguruko haserrea erakusten duen gutun bat atera zioten Jose Miguel Santamaria alkateari. «Aurten jaietako barrakak Joseba Rezola etorbidean jarriko dira eta zezen plaza Idoiaga plazan» nabarmentzen du gutunean. Erabaki hori hartzeko «hainbat bilera egin dira eta udaltzainburuari ez zaio deitu» jarraitzen du. Horregatik, Udaltzaingo zerbitzua osatzen dutenek beren «haserrea» adierazi dute gutun horren bitartez, erabakiak hartzeko euren hitza «ez delako kontuan hartu». Udal Gobernuak jaietarako egingo dituen aldaketek «eragozpenak» ekarriko dituztela gehitu dute.
Udaltzainburuak «arazoak eragozteko mahai bat osatzea» eskatzen dio alkateari idatzi horren bitartez.
EH Bilduko ordezkariek, sortutako arazo horri irtenbide bat bilatzeko eskatzen diote Santamariari.