Dendak kalera aterata ospatu dute merkatariek Ilintiren 25. urteurrena
Patrizio Etxeberria kalean eta Kale Nagusian jarri dituzte dendariek postuak. Ilintik ehun euroko 25 bale zozkatu ditu. Hasierako zuzendaritza batzordea omendu dute
Duela 25 urte sortu zuten Legazpiko merkatariek Ilinti elkartea, indarrak batzeko helburuarekin. Garai hartan, herriko denda txikietako jabeek hainbat kezka zituzten. Besteak beste, herritik gertu merkatal zentro handi bat irekiko zuten zurrumurrua zabaldu zen, Gabonetan kaleetan argiak jartzeko beharra ikusten zuten… Kezka horien aurrean, merkatariek udalarekin biltzeko beharra ikusi zuten, eta elkarren artean biltzen hasi ziren, udalaren aurrean ere indar handiagoa egiteko.
Halaxe sortu zen elkartea, edo halaxe gogoratzen du, behintzat, Itziar Alberdik. Elkartea sortu zenean zuzendaritza batzordean zegoen Alberdi; arropa denda dauka Legazpin. «Orduantxe hasita zegoen merkatal zentro handieen boom-a, eta merkatari txikioi pilak jarri zizkigun», adierazi du. «Helburua zen udalak guri kasu egitea, eta horretarako eraginkorragoa zen taldean joatea».
Urte guzti hauetan komertzioaren egoera asko aldatu dela uste du Alberdik, baina elkarrekin lan egiteko beharrak hor jarraitzen du. Izan ere, txikia denak beti izaten ditu gainditu beharreko oztopoak. Hasieran merkatal zentroen itzalak kezkatzen bazituen, orain Internet bihurtu da itzal egiten diena. Batez ere, gazte jendearen artean.
Bestalde, Alberdiren ustez jendearen baloreak ere aldatu egin dira. «Jendea gauza merkeetara ohitzen ari da, berdin zaie non egindakoa izan; bertako produktua gutxiago baloratzen da orain», adierazi du.
Dena den, Alberdi oso eskertuta dago herriarekin. «Guk hemen jarraitzen badugu, herritarren erantzunagatik da». Gainera, urte hauetan egoera berrietara moldatzen jakin dutela uste du, eta horregatik lortu dutela bizirautea. «Ez gara lo gelditu, eta moldatzen joan gara».
«Guk hemen jarraitzen badugu, herritarren erantzunagatik da» Itziar Alberdi (Alberdi jantzidenda) «Taldean lan egiteak denontzat ditu onurak; elkargune indartsua da Ilinti» Mattin Osinalde (Attiko)Alberdik 25 urte daramatza Ilintiko bazkide izaten. Kide asko, ordea, berriagoak dira. Attiko-ko Mattin Osinaldek, esaterako, hamar urte daramatza elkartean. Ilinti «herria dinamizatzeko elkargune indartsua» dela uste du. «Taldean lan egitea denontzako da onuragarria; gainera, komertzio bezala, dudak, arazoak… kontsultatzeko oso baliagarria da elkartea izatea». Momentu honetan 49 dendak edo negozio txikik osatzen dute Ilinti. Inoizko saririk handiena 25. urteurrena ospatzeko, atzo, herriko dendak kalera atera ziren, eta postuak jarri zituzten Patrizio Etxeberria kalean eta Kale Nagusian. Denetik erosteko aukera izan zen: arropa, oinetakoak, etxetresna elektriko txikiak… Modu horretan, Legazpiko komertzioak eskaintzen duen aniztasuna denen begi bistara atera nahi izan zuten. «Legazpin denetik daukagu, ez zaigu ezer falta», esan du Alberdik. Giro ederra izan zen. Gainera, haurrentzako puzgarriak eta animazioa jarri zituzten. Bestalde, Ilintik inoiz banatu duen saririk handiena banatu zuten atzokoan: ehun euroko 25 erosketa bale. Legazpiko dendetan gastatu beharrekoak dira. Eguna ondo amaitzeko, berriz, Ilintiko bazkideek afaria egin zuten Azpikoetxean. Bertan, omenaldi txiki bat egin zieten lehenengo urtean zuzendaritza batzordea osatu zuten ki-deei: Juan Mari Usabiaga (Urkiola denda), Kizkitza Oria (Korosti kafeak), Alicia Bravo (Txairo), Itziar Alberdi (Alberdi jantzidenda), Jose Lozano (tela denda) eta Juan Cruz Alustiza (Alustiza drogeria). Domina bana eman zieten, elkartea sortzeko egindako lana eskertzeko. Atzo eskertza jaso zuten horietako gehienen negozioek martxan jarraitzen dute oraindik, beraz, ez da seinale txarra. Alberdik garbi du: «Legazpi bizirik dago, eta horregatik iraun dugu hainbeste dendariok». Beste hainbeste urtetan ere bizirik jarraitzeko lan egingo dute dendariek.













