«Entzierroko argazki polit bat ateratzeko zorte handia behar da»
Carlos Mediavilla (Iruñea, 1957) argazkilaria Euskal Herria osoan ezaguna da. Makina bat lehiaketa irabazi du eta errugbiari buruzko lanek Frantzian ere ospea ...
Carlos Mediavilla (Iruñea, 1957) argazkilaria Euskal Herria osoan ezaguna da. Makina bat lehiaketa irabazi du eta errugbiari buruzko lanek Frantzian ere ospea lortu dute. Gai asko lantzen ditu, baina bat bereziki kuttuna du: sanferminetako entzierroak. Egunero joaten da.
Zer dela eta gustatzen zaizkizu horrenbeste sanferminak?
Nire ama nafarra zen, Allozkoa, eta umetan zezen-plazara eramaten gintuen entzierroaren amaiera eta bigantxak ikustera. Sanferminak Berriozarren ematen genituen, osaba-izeben etxean, eta goizero Villavesa autobusa hartzen genuen Iruñera joateko. Goizeko 06:30etarako Iruñean egoten ginen, tokia hartzeko. Denok joaten ginen: osaba-izebak, lehengusuak… Oraindik hunkitu egiten naiz zezenak eta korrikalariak heltzen direnean.
Entzierroa oso ekitaldi berezia da zuretzat.
Noski, umetatik hori bizi izan baitut. Hala, entzierroko argazkiak bakarrik ateratzen ditut. Parrandara, erraldoien desfilera… ez naiz joaten. Labritera bai, pilota partida ona izango dela uste dudanean. Normalean, entzierroa bukatu bezain laster, etxera itzultzen naiz. Autora bidean zer edo zer interesgarria ikusten badut, argazkia ateratzen dut, noski.
Zein izaten da zure plana?
Egunero errutina berbera jarraitzen dut. Aldatzen den gauza bakarra, kokapena da. Goizero ebaki bat hartzen dut, ondoren aukeratu dudan tokira joaten naiz eta entzierroa hasi bitartean giroaz gozatzen dut (tokitik mugitu gabe). Entzierroa bukatu bezain laster argazkiak sanfermin.com-ekoei ematen dizkiet, gainontzeko argazkilariekin garagardo bat hartzen dut, eta ondoren Abartzuzako etxera joaten naiz. Txakurrarekin paseoa eman, igerilekura joan, bazkaldu, siesta egin, Tourra ikusi… eta hurrengo egunean berriro Iruñera. Egun horietan erregeen pare bizi naiz.
Gaztetan ere sanferminetara joango zinen…
Bai, baina urte haietan beste gauza batzuk egiten nituen… Entzierroan ez dut sekula korrika egin. Lizarran eta beste herri txikiago batzuetan bai, baina behien aurrean. Ez naiz sekula zezenen aurrean jarri. Oso handiak dira! Baina oso zintzoak dira, eh? Pentsa, nahi balute, zer egingo luketen!
Zezenketak gustuko al dituzu?
Pablo Hermoso de Mendoza zaldiarekin ikustea gustatzen zait, baina ezten-haga ateratzen duenean alde egiten dut. Zezenketak ezin ditut jasan. Sarrerak oparitzen dizkidate, baina ez naiz joaten. Errekortadoreak ere atsegin ditut. Animaliekin jolastea ez zait inporta, baina odola ezin dut jasan.
Noiz hasi zinen sanferminetako argazkiak ateratzen?
Duela 15 bat urte. Balkoi bat alokatzen nuen Estafeta kalean, argazkiak gertutik ateratzeko akreditazio on bat behar baita. Estafeta kalea aukeratu nuen zoru ez irristakorra jarri aurretik zezenek Estafeta bihurgunean beti irrist egiten zutelako.
«Ama nafarra zen eta zezen-plazara eramaten gintuen bigantxak ikustera»
«Zezenak oso zintzoak dira, eh! Pentsa, nahi balute, zer egingo luketen!»
«Zezena zauden tokian gelditzen bada, udaltzainek atzera botatzen zaituzte»
«‘Sanferminetako’ lehiaketa irabazi zuen argazkia Gaztelu plazan ikusgai jarri dute»
Egun, argazkiak gertutik ateratzen dituzu.
Hiru akreditazio ditut: Goierriko Hitzarena, sanfermin.com-ena eta Miserikordia Etxearena. Hiru akreditazio horiei esker, egunero joateko aukera dut.
Nola lortu zenituen sanfermin.com-en eta Miserikordia Etxearen akreditazioak?
Sanfermin.com-ekoek nire argazkiak ikusi zituzten eta beraientzat argazkiak ateratzea proposatu zidaten. Nire argazkiak beraien webgunean jartzen dituzte. Sanferminei buruzko webgune ezagunena da. Ni naiz beraientzat lan egiten duen argazkilari ez profesional bakarra. Miserikordia Etxekoei ere nire argazkiak gustatu zitzaizkien eta horregatik ematen didate akreditazioa.
Zure ametsetako argazkia lortu al duzu?
Urtero argazki batzuk edukitzen ditut buruan. Aurtengoak Telefonican eta Santo Domingon atera nahi ditut. Lortzen ez baditut, datorren urtean berriro saiatuko naiz.
Zein da gehien gustatzen zaizun tokia?
Telefonica asko gustatzen zait. Estafetatik nola irteten diren ikustea oso polita da. Ez dakizu ezkerretik edo eskuinetik etorriko diren, batzuetan jendea aurrean jartzen da… Badakizu irudi politak egongo direla (lasterketak, begiradak…), baina zezenak zure aldetik etortzea eta jendea aurrean ez jartzea behar duzu. Entzierroko argazki polit bat ateratzeko, zorte handia behar da.
Arriskutsua al da entzierroan argazkiak ateratzea?
Ezetz esango nuke. Ni bi aldiz bakarrik bota naute lurrera, baina ez zezenek, kohetea bota bezain laster korrika hasten direnek baizik. Batzuk, zezena jada han dagoela uste dute eta gainera botatzen zaizkizu. Bestalde, zezena zauden tokian gelditzen bada, udaltzainek atzera botatzen zaituzte. ‘Mekauen! Behin geldituko zezena nire ondoan eta atzera bota naute!’ , pentsatu nuen. ‘Zertan ari zara?’, esan zidan udaltzainak. ‘Zer egingo dut ba?’, erantzun nion.
Arriskatzeak, merezi du. Iaz sanferminetako argazki lehiaketa irabazi zenuen.
Hala da. Duela bi urte lehiaketara aurkeztutako argazkiak ikusi nituen eta nireak ez zirela okerragoak iruditu zitzaidan. Hala, iaz aurkeztea erabaki nuen. Lehiaketa irabazi zuen argazkia handitu egin dute eta Gaztelu plazan ikusgai jarri dute. Gainera, Burlatan erakusketa bat ireki dut sanferminetako argazkiekin. Gora San Fermin! du izenburua. 24 argazki handi jarri ditut ikusgai. Datorren urteko sanferminetan Urretxun jarriko ditut.
Zer ikusi ahal da bertan?
Oso argazki freskoak dira. Denetik jarri dut. Baita zezenketen aurkako mobilizazioetan ateratako argazkiak ere.
Sanferminekin lotutako anekdotarik ba al duzu?
Reuters agentziak Joseba Etxabururen argazki bat urteko onenen artean hautatu zuen. Zezen plazan atera zuen, bigantxa bat plazara sartzen ari zenean. Argazki horretan ni azaltzen naiz argazki bat ateratzen. Nire argazkian bigantxa atzetik ageri da eta Joseba aurrez aurre.
Asko aldatu al dira festak?
Bai, baina sanferminetan mundu guztiarentzat tokia dago. Lagun batzuk, adibidez, Labriteko pilota partidetara bakarrik joaten dira. Munduko festa onenak dira.