Beste urtebetez, Ataunen Organo Barrokoaren Nazioarteko Jaialdia antolatu dute. Bi kontzertu izango dira Tourseko San Martin elizan, lehena bihar eta Donostiako Musika Hamabostaldikoa abuztuan.

Ataungo Tourseko San Martin elizan dagoen 1761eko organoa goratzeko Nazioarteko 10. Jaialdia antolatu du Ataungo Udalak. Barroko garaikoa da, Goierrin mantentzen den zaharrena. Bi kontzerturekin aire berrituko dute, aurtengo jaialdian.
Lehenengo kontzertua bihar da, 18:00etan. Ana B. Garcia (Andoain, 1977) organo jotzaileak joko du. Hari laguntzen, Jon Lizaso (Orio, 1966) tronparekin eta Jose Inazio Antsorena (Donostia, 1953) txistuarekin ariko dira. Miren Urbieta sopranoak (Donostia, 1983) abestuko du.
Emankizunean 11 piezako errepertorioa zabalduko dute lau musikariek. Organoaren garaiari dagokion musikak hartuko du lehenengo zatia, XVI-XVIII. mende bitarteko obrekin:
5. tonuko batalla anonimoa, Telemann eta Caccini aireratuko dituzte, atala XVIII.eko beste anonimo batekin bukatzeko:
Diferencias sobre la gayta.
Bigarren atalean euskal konposatzaileei egingo diete tarte handi bat: Tomas Garbizu, Jesus Guridi eta Pablo Sorozabal klasikoekin batera, Jose Inazio Antsorena, Joserra Senperena eta Tomas Aragues garaikideak txandakatuko dituzte.
Bigarrena abuztuaren 7an
Jaialdiko bigarren kontzertua abuztuaren 7an izango da, igandearekin, Ataun San Martinen. Oscar Cadendo organo jotzailea izango da orduan, 18:00etan hasita. Saio hori Donostiako Musika Hamabostaldiaren egitarauan txertatu dute.
Hiriburuko zikloaren barruan, Ataunen beste ekitaldi bat ere izango da, abuztuaren 8an, astelehena. Nazioarteko ikastaroan parte hartuko duten organo jotzaileek Tourseko San Martin elizako organo barrokoa ikusteko bisita egingo dute.