GOIERRIKO HITZAK eta Fotoetxek Udako XI. Argazki Lehiaketa antolatu dute. Irailaren amaierara arte dago argazkiak aurkezteko aukera gaur hasita. Hiru sari nagusi daude

Ana Esnaolak Galizan ateratako ilunabarraren argazki hau izan zen iazko saridunetako bat.
Hemen da dagoeneko GOIERRIKO HITZAk eta Fotoetxek elkarlanean antolatutako udako argazki lehiaketa. Aurtengoak hamaikagarren edizioa du. Gaur bertan ireki da lanak aurkezteko epea, eta harpideek abuztu eta irail osoa izango dute beren argazkiak bidaltzeko. Irailaren 30ean amaituko da epea.
GOIERRIKO HITZA egunkariko harpideei zuzendutako lehiaketa da eta harpide bakoitzak nahi adina argazki bidali ahal izango ditu. Parte hartzeko honako helbidera bidali behar dira argazkiak:
goierri@hitza.eus. Jasotzen diren argazki guztiak
goierri.hitza.eus webgunera igoko dira, eta irakurleek gustukoen dutena aukeratu ahal izango dute.
Hiru sari nagusi
Beasaingo Fotoetxe argazki dendak eta GOIERRIKO HITZA egunkariak elkarrekin antolatutako lehiaketaren barruan, hiru sari nagusi banatuko dira aurten. Fotoetxeko Jose Mari Telleria eta Lake Oiarbide izango dira epaimahaia osatuko dutenak, GOIERRIKO HITZAren lan taldeko kideekin batera. Fotoetxek bi sari emango ditu: lehena, Dibond euskarrian inprimatutako norberaren argazkia, 100×100 tamainakoa; eta, bestetik, Kappa euskarrian inprimatuta, 60×100 tamainan beste argazki bat, hori ere norberarena.
GOIERRIKO HITZAren sari nagusiak Arizkungo (Nafarroa) Etxezuria Etxea nekazal etxean bi lagunentzako egonaldia eta Beasaingo Rubiorena jatetxean bi lagunentzako otordua dira. Sarean boto gehien jasotzen dituzten sei argazkiek ere saria jasoko dute.
Urriaren hasieran emango dira jakitera saridunak.
ARGAZKI LEHIAKETA:
Oinarriak
· Parte hartzaileak. Goierriko Hitzaren harpideak.
· Epeak. Gaurtik irailaren 30era bitartean bidali daitezke argazkiak goierri@hitza.eus helbidera (harpide datuak eta kodeak zehaztu behar dira: izen-abizenak, telefonoa, helbidea, herria eta harpide kodea).
· Ebazpena. Urriaren hasieran jakinaraziko dira irabazleak.
Sariak
· Fotoetxe. Fotoetxe argazki dendak bi sari emango ditu: norberaren argazki bat 100×100 tamainan Dibond euskarrian; eta norberaren argazki bat 60×100 tamainan, Kappa euskarrian
· Goierriko Hitza. Egonaldi bat Arizkungo (Nafarroa) Etxezuria Etxea nekazal etxean, otordua Beasaingo Rubiorena jatetxean eta argazkia Hitzaren egutegian argitaratzea.
· Sarean. Sei argazki bozkatuenentzat argazki handitzea opari.