Busca Isusiren jaiotzaren mendeurrena ospatu dute
Atzo Jose Maria Busca Isusi gastronomo zumarragarraren jaiotzaren mendeurrena ospatu zuten Zumarragan, Kofradia Gastronomikoen Federazioak, Euskal Gastronomia Akademiak eta Zumarragako Udalak antolatuta. Euskal Herria osotik eta kanpotik etorritako kofradiek parte
Atzo Jose Maria Busca Isusi gastronomo zumarragarraren jaiotzaren mendeurrena ospatu zuten Zumarragan, Kofradia Gastronomikoen Federazioak, Euskal Gastronomia Akademiak eta Zumarragako Udalak antolatuta. Euskal Herria osotik eta kanpotik etorritako kofradiek parte hartu zuten.
Kasinoan elkartu ziren eta ondoren kalejira egin zuten, Zelai Arizti parketik irtenda. Buscatarren etxetik pasa zirenean, omenduaren alargunari, Carmen Agirreri, lore sorta bat eman zioten.
Ondoren, ospakizun ekitaldia egin zuten Zelai Arizti aretoan. Mahaian, Maria del Mar Txurruka Akademiako lehendakaria, Juan Manuel Garmendia Federazioko lehendakaria, Luis Mokoroa Gastronomiazko Euskal Anaiarteko betiereko lehendakaria, Mikel Serrano alkatea eta Lauran Busca Agirre eseri ziren.
Garmendiak Busca Kofradiaren sortzaileetako bat eta bigarren lehendakaria izan zela gogoratu zuen. Baita Ordiziako gazta lehiaketa suspertzeko lan egin zuela. Hori dela eta, biharko lehiaketan omenaldia egingo diote. Lauran Buscak, berriz, bere aita zenari buruz hitz egin zuen.
Lauran Buscaren hitzaldiaren ondoren, Juan Jose Lapitzek euskal pastelei buruzko liburua aurkeztu zuen. Bertan, 60 pastel jaso ditu: beraien historia eta non eros daitezkeen. Lapitzek Ane Mujika ormaiztegiarra eta bere harrigoxoak gogoratu zituen.
Bukatzeko, Lapitzi Akademiaren Busca Isusi saria eman zioten eta Agirreri Urrezko Izokina intsignia. Bidasoako benetako izokin bat ere oparitu zioten. Ekitaldia Eguzki Lore otxotearen emanaldiarekin bukatu zen. Ondoren, Etxeberri jatetxean bazkaria egin zuten.
Ekitaldiko argazkiak ikusteko, sakatu hemen.