Urretxuko jaiak ekitaldiz gainezka datoz, udalaren eta taldeen eskutik
Urretxuko Santa Anastasiak herritarrek herritarrentzat antolatutako jaiak dira eta aurtengo egitarauan ere argi eta garbi ikusten da hori: adin guztikoentzako ekitaldiak daude eta asko eta asko herriko elkarteek antolatutakoak dira.
Urretxuko Santa Anastasiak herritarrek herritarrentzat antolatutako jaiak dira eta aurtengo egitarauan ere argi eta garbi ikusten da hori: adin guztikoentzako ekitaldiak daude eta asko eta asko herriko elkarteek antolatutakoak dira.
Egitaraua atzo aurkeztu zuten udaletxeko areto nagusian. Ekitaldian Jon Luqui alkateak, Maialen Fidalgo Gizarte Ekimeneko barzordeburuak eta hainbat elkartetako kidek parte hartu zuten.
Alkateak jaien antolaketan parte hartzen duten taldeen lana goraipatu zuen. Fidalgok emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde antolatutako egitasmoei eta adinekoen egunari buruz hitz egin zuen.
Alkatearen eta zinegotziaren aurkezpenaren ondoren, elkarteetako kideek hitza hartu zuten. Ikastolako Jone Aldalurrek pregoia irakurtzea «ohore bat» dela esan zuen eta eskerrak eman zizkien ohore hori eman dietenei. Pregoian ikastolaren historian garrantzia izan dutenak gogoratuko dituztela aurreratu zuen.
Lurra taldeko Junkal Osinaldek beraiek antolatzen duten folklore jaialdiaz hitz egin zuen. Aurten, Paraguaiko talde batek parte hartuko du, besteak beste.
Bertso eskolakoei dagokienez, urtero bezala, hainbat ekitalditan parte hartuko dute. Gorka Azkaratek apaizak Euskal Jai eguneko mezan abestea eskaini diela aipatu zuen.
Kontsumo arduratsua
Gazte Bidean zerbitzukoek, berriz, hainbat ekitaldi antolatu dituzte: txupinazo aurreko jolasak, Euskal Jaiko hamaiketakoa, hilaren 23ko belaunaldien arteko topaketa… Gainera, txosnetan alkoholaren kontsumo arduratsua bultzatuko dute.
Lekaio elkartekoei dagokienez, aurten ere basoko lanak izango dira goizeko Euskal Jaialdiko protagonistak. Egurrarekin nola eraikitzen zen erakutsiko dute. Jorge Anduezak, berriz, gastronomia lehiaketan ‘ajoarriero’ bakailaoa prestatuko dutela eman zuen ezagutzera.
Juanjo Sagastibeltzak hilaren 17an idi-probak egongo direla eta 19an kuadrillak sokatiran arituko direla azaldu zuen. Zarraparrako Gaizka Oiartzabalek hilaren 17an Blues&Decker eta Los Deltonos taldeek joko dutela iragarri zuen. Bukatzeko, larunbat honetako Txalaparta Eguna eta hilaren 17ko txistularien alardea aipatu zituzten.