Lazkaon dendek eta tabernek sari-kanpaina hasiko dute gaur
Urriaren 20ra arte, eranskailuak eskuratu behar dira: sei ostatutan edo lau dendatan. Txartela bete, eta lau zozketatan parte hartuko dute bezeroek. Gaur, feria ere bai
Lazkaoko ostalaritza eta merkataritza indartze aldera, Udazkenean aisiaz gozatu Lazkaon sustapen kanpaina hasiko da, gaur. Udalak, Lazkaon dendari elkarteak eta herriko komertzioek bta egin dute. Eranskailu bidez garatuko da kanpaina: erosketak edo kontsumizioak egin, horrenbeste eranskailu eskuratu, eta txartel bat osatu behar da.
Kanpainak gaurtik urriaren 20ra iraungo du. Bitarte horretan lau zozketa egingo dituzte, txartelak aurkezten dituzten bezeroen artean. Irailaren 29an, Areriako zinema garairako hiru bonu zozkatuko dituzte; urriaren 6an, hiru eBook irakurgailu elektroniko; urriaren 13an, Barandiaran kiroldegiko urtebeteko hiru bazkidetza; eta, urriaren 20an, Lazkaoko jatetxeren baterako hiru afari, lau lagunentzat.
Sei taberna edo lau denda
Kontsumitzaileek eranskailuak Lazkaoko 80 komertzio edo taberna partaideetan eskura ditzateke. 57 merkatari-etxek eta 23 ostatuk (tabernak eta jatetxeak) parte hartuko dute kanpainan.
Txartelak betetzeko, sei tabernatako eranskailuak bildu behar dira, edo lau dendatakoak. Banan banako lekuetakoak izan behar dute, ezin dira etxe berekoak errepikatu.
Herritarrei parte hartzeko deia egin die udalak, erosketak herrian egiteak duen garrantzia gogoraraziz. «Azken batean, merkataritzaren eta ostalaritzaren jardunak herria bizirik mantentzen laguntzen dute, eta hori garrantzitsua da Lazkaoren etorkizuna eraikitzen jarraitzeko».
Lazkaon-en azoka gaur
Bere aldetik, Lazkaon merkatari elkarteak azoka antolatu du. Gaur izango da, 16:30etik 20:00etara, plazako frontoian.
Zazpi saltokik jarriko dituzte postuak, beren produktuak erosteko modua zabaltzeko. Manako arropa denda, Arriaran mertzeria, Koboloi jostailuak, Momo arropak, Gerriko liburu-denda, Stilo ile-apaindegia, Gomez iturgintza eta Mikel optika egongo dira azokan.













